GARA > Idatzia > Zinema

Ardi alienatuek amesten al dute Hanekeren jolasekin?

«Funny Games» (2008) -uztailaren 4an estreinatuko da Hego Euskal Herrian- drama aparta da. Bertan, burgesiaren amets xaloa zartatu du bortxaz Hanekek. Baina, Chabrolen uharari jarraitu ordez, indarkeria eta hedabideen arteko harremanaren bihotz ustela disekzionatu du bere izotzezko begirada uherraren bitartez

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Duela hamar urte Alfred Hitchcock maisuaren «Psycho» (1960) zirraragarria planoz plano berregin zuen Gus Van Sant independenteak. Kritikariek ez zuten Kentuckyko zinemagilearekin errukirik izan. Alde guztietatik jaso zuen egurra gizajoak. Nekez izan zitekeen hain txarra «My Own Private Idaho» (1991) gordinaren egilearen remake mimetikoa, ordea. Finean, kalitate handikoa edo gutxikoa izan, fotokopia fotokopia baita beti. Filmak ekarpenik ez zekarrela eta erabat antzua zela lepora geniezaiokeen, beharbada. Baina ezer gutxi gehiago. Hitchcock zaharrari bizkarrean sastada bat ematea larria da. Ezin ukatu. Are larriagoa da, baina, hilketa zuritzeko alibirik ez izatea. De Palmaren «omenaldiaren aitzakia» erabili izan balu gutxienez... Van Santen jolas bertsua dakar oraingoan Michael Haneke-k. Hamaika urte geroago planoz plano filmatu du-eta berriz ere «Funny Games» (1997), bere maisulana. Zinemagile existentzialista bressondarra egun kritika europarraren ikono kutunenetakoa da eta zaila zirudien oso haren portaera behar bezala zuritzea, zinez. «La pianiste» (2001) garratzaren egileak aitzakia polita aurkitu du, ostera. Antza, «Funny Games» erabilita zinema estatubatuarrak kontsumo hutserako atondutako doako biolentziadun filmak salatzea omen zuen xede. Baina, tamalez, arte eta saiakerako areto bakartietan lokazturik zendu zen filma 90eko hamarkadan. Horrexegatik, izarrez dotoretu ostean, film berarekin itzuli zaigu; yanki guztiek mirets dezaten orain. Ipuina irudimentsua da, ezbairik gabe. Alta, Haneke bera ez al da merkatuaren erotikaren biktima bihurtu?

Nolanahi ere, «Funny Games» (2008) drama aparta da. Bertan, burgesiaren amets xaloa zartatu du bortxaz Hanekek. Baina, Chabrol-en uharari jarraitu ordez, indarkeria eta hedabideen arteko harremanaren bihotz ustela disekzionatu du bere izotzezko begirada uherraren bitartez. Filmeko psikopata gaztetxoentzat hilketa jolas dibertigarri bat besterik ez da. Ikusleon morbo gaixobera asetzeko jolas atsegina baino ez. Funtsean, hedabideek indarkeria zelan tribialtzen duten salatu nahi du austriarrak. Indarkeriaren aurrean ikusleak duen sentiberatasunik eza biluzi. Hortaz, krimenaren atzean arrazoirik ez dago. Ezta justifikazio sozialik. Ezta kalezulo sasi-psikologikorik ere. Hala, erantzunak eskaini ordez galderak proposatuz, pentsatzera bultzatu nahi du ikuslea Hanekek. Haren kontzientzia inarrosi eta gogoeta sustatu, alegia. Nork esan zuen idealistak iraungi zirela?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo