GARA > Idatzia > Kultura

Umorearen jakituria

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Antzerkia pertsonek pertsonentzako egiten duten artea da. Eta hala izanik, pertsonen elementu guztiak erabiltzen ditu, hau da, gorputzak, ahotsak, sentimenduak, eskuak.... Eta erabiltzen dituen elementu horien guztien artean, umorea dago. Baina, zer da umorea?

Ni ez naiz teoriatan sartuko, gaiaz asko idatzi baita, ez antzerkiaz idatzi dutenek bakarrik, baita psikologo eta psikoanalista askok ere. Umorea pertsonari lotutako kontua delako, eguneroko bizitzan bizi dugun zerbait delako. Haur jaioberriak pozik dagoela adierazteko erabiltzen du irribarrea, baina, haserre edota minduta dagoenean ere, antzeko zerbait egiten du, hortzak erakutsi. Alaitasunaren eta haserrearen edota poztasunaren eta minaren arteko muga hari fin bat besterik ez da. Antza denez, pertsona aztoratzen duen egoera baten aurrean ematen diren erreakzioak dira biak. Aztoramendutik datozen erreakzioak. Positiboa bada, irribarre egingo du, eta negatiboa bada, hortzak erakutsi. Eta bi erreakzio hauek funtzio katartiko bera dute, hau da, askatze helburu bera.

Beraz, komedia eta tragediaren arteko muga oso fina da. Negarraren ondoan barrea dago eta barrearen ondoan negarra, txanponaren bi aldeak. Baina zein da desberdintasuna? Komediak desidentifikazio bat eskatzen du, hau da, egoeratik distantzia hartu eta egoeraz barre egiteko gaitasuna. Tragediak, berriz, identifikazioa eskatzen du, hau da, egoerarekin enpatizatu eta bertan barneratzeko gaitasuna. Azken batean, muturrean daudela ematen duten bi genero hauek uste baino gertuago daude. Beti esan izan da komediak tragedia behar duela eta tragediak komedia. Antzerkiaren sinboloaren bi aurpegiak.

Baina, zergatik erakartzen du komediak publiko gehiago antzokietara? Zergatik gustatzen zaigu bata bestea baino gehiago biek helburu katartiko bera badute eta biek nolabaiteko askapena eskaintzen badigute?... Ez dakit, baina egungo errealitatea oso garbia da. Komediak dira publikoa antzokira eramaten dutenak, tragediek ez dute jendea erakartzen.

Eta umorearen boterea eta jakituria ezagututa, tresna baliotsu hau gehiago erabili beharko genuke. Egia biribilak esateko, errealitate gordinetara begiak zabaltzeko, geure buruari kritika egiteko... Azken batean, geure buruaz barre egiteko eta egin ahal izateko. Hori baita gauzak aldatzen hasteko modu bakarra, geure buruaz barre egitea, eta antzerkiak hazteko balio du. Eta komedia eta tragedia hain lotuta egonik, azken batean ez al dira aurkako muturretik begiratutako gauza bera?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo