Surf-kulturako egunak biziko dira Donostian datorren ostegunetik igandera
Donostiako Antzoki Zaharra surfa oinarri duten filmez beteko da datorren astean Surfilm Festibalaren seigarren edizioarekin. Inguruan kirol hau oinarri duten hainbat ekintza antolatuko dira.
GARA | DONOSTIA
Beste urteetan baino gehiago atzeratu da aurtengo Surfilm Festibala. Hala ere, jaialdi honek ez du bere hitzordua galdu eta ekainaren 12tik 15era bitartean berrikuntzaz betetako seigarren edizioa ospatuko da. Film emanaldiak datorren ostiraletik igandera izango dira Donostiako Antzoki Zaharrean, arratsaldez. Horrez gainera, surfa oinarri duten ekintzak antolatu dira, esate baterako, film laburren lehiaketa eta zuzeneko soinu-banda izango duen beste emanaldi bat. Azken finean, pelikulen proiekzioa baino askoz harago doan egitasmoa bilakatu da Surfilm eta surf-kulturako egunak bizitzeko aukera eskainiko du, «ingurumenaren aldeko konpromisoa eta barrea eta dibertsioa barra-barra», egongo dela gehitu dute antolatzaileek.
Ingurumenak bere garrantzia izango du aurtengo edizioan. Ostegunean, ekainaren 12an, abiatuko da Festibala Aquarium-en egingo den Ingurumenari eskainitako Jardunaldiarekin. Egun horretan, Surfrider Foundation eta Smiling Surfing erakundeek itsasaldea babesteko aurrera daramatzaten duten proiektuen berri emango dute.
Jaialdia osatuko duten filmen emanaldia Euskal Herrian bertan egindako lanek eta nazioartetik jasotako filmek osatuko dute. Festibalaren atal honetan hiru gai desberdin jorratuko dira, lehenengoa «Surf Arty» kategoria izango da bi lanekin: «Hi Shredability» eta «Música Súrfica». Bigarren atala «Surfa, bizitza estiloa» izango da, «Surfwise» lan bakarrarekin eta, azkenik, «Surf Solidarioa» bost pelikulekin: «Hands and Surf Peru», «Madras Café», «Smiling Surfing», «Tomorrow / Today» eta «Somewhere».
Ohiko emanaldi hauez gainera, berrikuntza ugari izango dira seigarren edizio honetan. Lehenengoa, aurrenekoz antolatu duten film laburren lehiaketa. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, parte hartze handia izan dute eta, lehenengo urtea izanik, «asko, eta onerako, harritu» ditu.
Bigarren proposamen desberdina zuzeneko soinu-banda izango duen film emanaldia izango da. Ekintza hau igandean ospatuko da, Antzoki Zaharrean, eta Surfilm Festibalari amaiera biribila emateko xedez bultzatu zuten. «Bertako bi elementu elkartuz bukatu nahi genuen: zinema eta musika», azaldu dute.
Ezin bestela, musikak ere izango du tarterik seigarren edizio honetan. Gazteszena aretoak, ostiral eta larunbat gauetan, zehazki, Festibaila atala hartuko du. Dantzan aritzeko aukera izango da egun hauetan. Ekainaren 13an Discipulos de Dionisios eta Los Coronas taldeak egongo diren bitartean, larunbatean Los tiki Phantoms-ez gainera Delorean Live eta dj K**O & Hosoiklub-gau ibiltaria egongo dira.
Azkenik, eskola ikasleek ere beren tartetxoa izango dute. Arduradunen aburuz, garrantzizkoa iruditzen zaie «Donostiako ikastetxeetan barrena ingurumenaren gaineko materiala proiektatzea». Mezu hori zabaltzeko surfa erabiliko dute bitarteko moduan. Laburbilduz, eduki, proposamen eta guneetan sakontzen jarraitu dute Surfilm Festibal honen arduradunak haien nortasuna den surfa baztertu gabe.
Tokia: Donostiako Antzoki Zaharra.
Data: Ekainaren 12tik 15era bitartean.
Sarrerak: 3,70 euro, ohiko lekuetan salgai. Abonoak Antzoki Zaharrean eros daitezke bakarrik: 15 euro zinemarako, 30 (zinema eta bi kontzertuetarako).