GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

«Zutikakoan ihes egiten ez uztea izango da nire helburu nagusia»

p042_f01.jpg

 Floren NAZABAL
Aizkolaria
 
Floren Nazabal da Urrezko Aizkorako egungo txapelduna, eta bera da bihar gauean Azpeitian jokatuko den finala irabazteko faborito nagusia.
 
 
Zer morduz zaude finalaren atarian?

Ongi, gustura nago, baina beti izaten da kezka, gorputzaldi txar bat nahikoa baita dena izorratzeko, baina oraingoz, ez dut horren kexarik.

Finalean Larretxea izango duzu aurkari. Nola ikusten duzu?

Oso indartsu. Finalerdietan eskulako lana egin zuen. Oso erraz egin zuen, eta argi utzi zuen sasoi betean dagoela. Gainera, lan hau aproposa da harentzat. Niri, ordea, halakoak gehiago kostatzen zaizkit orain. Hasi eta bukatzen den lana niretzat orain egokiagoa da.

Larretxeak finalerdietan sekulako denbora egin zuen kana-erdikoa zutik mozten. Zutikako enborrek ematen al dizute kezkarik gehien?

Bai. Bera zutikako enborretan ondo baino hobeto moldatzen da, eta hori erakutsi zuen finalerdietan. Egia da, kana-erdiko hura, oso enbor ona zela, baina, edonola ere, denbora horretan moztu egin behar da. Ez luke edonork egingo.

Zutikakoetan eustea eta lan luzean erabakitzea izango al da zure asmoa?

Bueno, hasteko ahaleginduko gara hasieratik abantaila hartzen, eta hori ezin bada ere, helburua hori izan behar du. Zutikako bi enbor daude, eta horietan ahalik eta denborarik gutxien galdu behar da.

Iraupeneko lana ez da luze horietakoa, baina enbor batzuk badira, eta saiatuko naiz han erabakigarri izaten. Onena hara aurretik erabakita joatea izaten da, baina badakigu hori ez dela gertatuko.

Arriaren aurka jokatu zenuen zuk finalerdia. Orduan arazorik gehien hasierako lanetan izan zenituen, bera aurretik jarri baitzen. Zer gertatu zen?

Arria aizkolari indartsua da, eta oso bizia ere bai. Lan mota hauek ongi doazkio, eta hasiera oso indartsua izan zuen. Hala ere, banekien azkeneko lanetan menderatuko nuela eta hori gertatu zen.

Zeu zara egungo txapelduna, eta zaleen ustez baita larunbaterako faboritoa ere. Zu ados al zaude?

Ez, ez dut uste honakoan faboritorik egon badagoenik. Donatok erakutsi du bera oso indartsu dagoela. Finalerdietan ere Lopezi egurra eman zion, eta berari irabaztea ez da batere erraza izango.

Bera faborito ateratzea, hori gauza normala da. Hau da, berarentzat oso egokiak dira lan hauek, eta niri, berriz, lehen baino gehiago kostatzen zait halako lanak egitea.

Larretxea eta zeu, azkenaldian, ia final guztietako protagonistak zarete. Horrek besteen gainetik zaudetela esan nahi al du?

Beno, ez dakit hori horrela den. Kontua da, ordea, gu biok baldin bagara, hau da, gehienetan gu biok baldin bagara finalean, horrek zerbait esan nahi duela. Gazteak ere badatoz, ari dira lanean, baina zerbait falta zaiela uste dut.

Azkenaldian txapelak irabazi eta irabazi ari zara. Azkenerako ohituta egoteko modukoa ere izango da ezta?

Ohitu, norbera ez da behin ere ohitzen, irabaztea gauza polita baita. Iaz Urrezko Kopa ez beste guztiak irabazi nituen, baina batzuetan, gaizki ohitzen ari ote naizen ere pentsatu dut. Egunen batean bolada txarra ere hel liteke.

Bestetik, ikusten dut lehen nuen urduritasun hura ez dudala. Orain ere finaletara urduri joaten naiz, baina ez lehen bezala. Lehen ikaragarrizko presioarekin joaten nintzen, eta ez nuen nirea egiten. Horretan, behintzat, hobera egin dut. Jon LEUNDA

Donato LARRETXEA
Aizkolaria

«Nazabal da txapelduna, eta uste dut bera dela faboritoa»

Berriro lortu duzu finalean sartzea. Lehen helburua beteta, ezta?

Bai, dudarik gabe. Nire lehen helburua finalean sartzea zen, eta hori bete dut. Irabaztea ez da erraza izango, baina saiatuko naiz bestea estutzen.

Beraz, Nazabal faborito ateratzea normaltzat hartzen duzu?

Bai. Bera da txapelduna, eta oso indartsu dago. Ni baino ere dezente gazteagoa da, eta azkenaldian denean ari da irabazten. Normala da jendeak bera faboritotzat hartzea.

Finalerdietan lan bikaina egin zenuen. Zutikakoan erakustaldi latza eman zenuen. Horrek guztiak konfiantza eman behar du, ezta?

Egia esan oso gustura geratu nintzen. Kezka askorekin joan nintzen, katarro handi bat harrapatu nuelako, eta nahiko itxita ibili nintzen. Ez nekien nola aurkituko nintzen, eta horrek kezka ematen zidan.

Lanean hasi nintzenean, ordea, gorputzaldi ona harrapatu nuen. Gero, zutikako lanetan ongi moldatzen naizenez, gauzak ongi joan ziren.

Zutikako lanetan, hori izango al da Nazabali aldea ateratzeko unea?

Hori da helburuetako bat. Lehen aipatu bezala, zutikako lanean ongi moldatzen naiz, eta saiatuko naiz aldea ateratzen.

Hala ere, ez dut uste hori nahikoa izango denik Nazabali irabazteko. Zutikakoan aldea kendu, eta gainerakoetan haren parean ibili beharra dago berari irabazi ahal izateko.

Biharko finalean ez zara zeu bakarrik lehiatuko zure etxetik, zure semea ere 18 urtez azpiko finalean izango baita. Egun ederra izan daiteke ezta?

Bai, gauza polita da semea eta biok han izatea. Ni maila nagusian, eta bera gazteetan. Biok daukagu final zaila, baina ahaleginduko gara txapelak etxera ekartzeko.

Binakakoan ere biok izan ginen, eta semea, gainera, bere lehengusinarekin zen, eta hiru txapelekin etxeratu ginen. Orain berriro ere badugu aukera, nahiz eta ez den erraza izango.

Bietatik zeinek dauka finalik zailena?

Nik uste dut biok izango dugula final zaila. Nik aurrean Floren Nazabal izango dut, eta berari irabaztea oso zaila izango da. Semeak, berriz, Ander Erasunekin neurtu beharko ditu indarrak, eta hura ere oso indartsu dabil. Biok izango dugu lan asko egin beharra, baina ilusioarekin goaz, eta saiatuko gara biok txapelarekin etxeratzen. Gauza handia izango lizateke.

Gerriak arazo asko eman dizkizu. Zer moduz zaude?

Ongi. Azkenaldian nahiko ongi ari dira errespetatzen, eta aizkoran normal aritzeko moduan nabil. Hala ere, Urrezko Aizkorako lantegi hau ez da niretzat onena. Lanean hasi, gero geldirik, nahiko arriskutsua izaten da, hoztuz gero etortzen baitira arazoak, eta tentu handiz ibili behar izaten dut.

Urrezko Aizkora bihurtu al da zuretzat denboraldiko lehiaketa nagusia?

Baietz esango nuke. Euskal Herriko Txapelketan ezin izan nuen iaz parte hartu, eta Bigarren Mailara jaitsi naute. Ni ez naiz ikusten maila horretan lehiatzen, ia 30 urte Lehen Mailan eman eta gero.

Gainera, ni aterata, gazteei atea itxiko nieke, eta ez litzateke oso normala izango. Arautegia horrela dago, baina ez dut uste ongi dagoenik. Gero Nafarroako Txapelketa ere hor dago. Ongi banaiz aterako naiz, baina uste dut une honetan hau izango dela, Urrezko Aizkora, alegia, niretzat lehiaketarik garrantzitsuena. Jon LEUNDA

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo