GARA > Idatzia > Kultura

Jorge Oteiza eta Kirmen Uribe omendu ditu Bilboko Liburu Azokak

p041_f02_088x112.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

Jorge Oteiza eskultore handia izan zela ez du inork ukatuko eta, batez ere horregatik dugu gaur egun pertsonaia unibertsala. Hala ere, idazle gisa ere lan garrantzitsuak utzi zizkigun eta haren pertsonalitatearen alderdi horri heldu diote Bilboko aurtengo Liburu Azokan, haren jaiotzaren ehungarren urtemugan omenaldia egiteko.

Artistaren ordezkari gisa, haren izena daraman museoaren zuzendari Gregorio Díaz Ereño izan zen Areatzan kokatu duten karpa zurian. Berak hartu zuen Ramón Zumalabek margotutako koadroa oroigarritzat. Zumalabek hutsaren inguruko hausnarketa egin du, Jorge Oteizaren kezka izan zen gai bera, hain zuen. Hala ere, Orioko artistak «hutsa biltzen zuen, nik pintatu egiten dut». Gai hori ardatz hartuta sortu duen sailaren piezarik abstraktuena aukeratu du, bi hodei talka egiten, egileak atzo azaldu zuenez. «Airea margotu nahi izan dut, margotu ezin dena irudikatu dut», aipatu zuen.

Zumalabek berak hutsaren kontzeptuari buruz idatzitako testu bat irakurri zuten omenaldi ekitaldiari hasiera emateko eta Kirmen Uriberen poema batekin jarraitu zuten. Izan ere, Ondarroako idazleari Kritikaren saria eman zioten saio berean.

Gregorio Díaz Ereñok hartu zuen hitza lehenik, Oteizarentzat liburuek izan zuten garrantzia azpimarratzeko. «Oinarrizkoa izan zuen irakurle gisa, ikertzaile gisa eta idazle gisa». Horrexegatik, Altzuzako zentroak haren lana erakusteaz gain, idazlanak berrargitaratzea ere badu xede. Azken hiru urteotan plazaratu dituzte hainbat. Gainera, Eskultorearen obraren gaineko ikerketa bultzatzeko «Koadernoak» izeneko plazaratzen jarraitzeko asmoa dute. Bestalde, Oteizaren ekarpena aztertzeko urria bu- kaeran egingo den biltzarraz mintzatu zen Díaz Ereño. Europa eta Amerikako hizlari adituak bilduko dituzte bertarako.

Beste bi sari

Kirmen Uribe Bilborekin duen harreman bereziaz aritu zen: «Amorante iheskorra bezalakoa da niretzako», aitortu zuen. Mikrofonoaren aurrean esan zuenez, nortasun agirian Ondarroan jaioa dela jartzen badu ere, bera Begoñan sortu zen. Unibertsitateko lehen ikasturtean Solokoetxen egin zuen urtea izan da Bilbon etxea duela eman duen bakarra, eta bestela, «ez dut sekula lortu hemen bizitzea», bota zuen.

Idazten dagoen eleberriak Artetaren mural bat du ardatz. Horren harira, gogoratu zuen Tomas Meabe gaixo zegoela-eta, Artetak eta Arrue anaiek beren obrak saldu eta hari lagundu ziotela. «Ideologia desberdineko egileak elkarri laguntzen, hori da faltan hartzen dudana».

Arratsaldean, Jorge Edwardsek Zilarrezko Luma jaso zuen Areatzeko karpan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo