Krisia propagandako gai, gehienek nabari ez duten hazkundeari eusteko logikan
Atzo EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxek, Araba, Bizkaia eta gipuzkoako ahaldun nagusiekin batera, Azelerazio Ekomomikorako eta Enplegurako Erakunde arteko Akordioa aurkeztu zuen. Iragarpena, ordea, joan den astean egin zuen Adegiren bilkuran, ohi duen eran, patronalari konfiantza esanguratsua helarazita. Lakuako Gobernuak krisia ukatzetik ekomomia berpizteko plan bat aurkeztera jo du; baina, Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Erakundearen aurreikuspen kaskarrak gorabehera, hazkunde ekonomikoari ondo eutsiko diola ziurtatuta. Atzo Ibarretxek ez zituen plan horren ildo nagusiak baino aurreratu, hala nola azpiegituretan egingo dituzten inbertsioak.
Ohikoa da krisi egoeretan horiei aurre egiteko neurriak modu arranditsuan aurkeztea, administrazioen kudeaketa eredugarri gisa, alegia. Eta neurri handian oharkabe geratzen da edozein motatako krisiei aurre egitea administrazioen eginbeharra dela, eta ez propagandarako aukera. Hain zuzen, horrela baino ezin da ulertu akordio horrek ez duela aurreikusten gastu sozialaren murrizketa iragartzea. Lakuako aurrekontuak superabitarekin itxita, eta EAEko gastu soziala Europako eskasenetakoa izanda, hura murriztea zaila izango litzatekeela alde batera utzita, ez dirudi Lakuako arduradunen paparrean dominarik zintzilikatzeko moduko meritua denik. Tristea da, ordea, hainbaten egoera zaila propagandarako erabiltzea.
Beste alde batetik, administrazioek inoiz ez dute kolokan jartzen bere barne krisi horiek daramatzan sistema; aitzitik, harekin bat egiten dute etekinak pilatzen dituztenen aldeko politikak indarrean jarriz, hazkunde ekonomikoaren izenean. Eta krisia dagoenean, haien ardura nagusiak berberak dira, enpleguari eusteko aitzakian, baina lan baldintza gero eta eskasagoak eta lan istripuak eurei ez dagozkien kontuak balira bezala.
Logika hori ondo adierazi zuen atzo BBVAko presidente Francisco Gonzálezek. Esanguratsuak dira -eta lotsagorritzeko modukoak- atzo esandakoak, familiek krisiari aurre egiteko beren ahalmenaren jakitun izan behar dutela eta ez diotela gobernuari laguntzarik eskatu behar, hain zuzen. González jaunari ez diote kezkarik eragin iaztik hona bankuak erreskatatzeko behin eta berriz emandako «injekzioek». Nolanahi ere, berak ez dio familia gehienek bezala aurre egin beharko krisiari.