GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Onespen pertsonala

Bihar beteko dira 40 urte Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta hil zuenetik. Etxebarrietak José Pardines hil zuen egun berean. Pardinesi instituzioek omenaldi ugari egin dizkiote, baina ez legeak behartuta, eta haren zeregina goraipatu egiten dute batzuek, indar armatu frankistetako kide bazen ere. Etxebarrietaren jardunari buruz, ordea, «terrorismo» hitza baino ezin da aipatu. Hala ere, Etxebarrietari ere egin izan dizkiote omenaldiak, inongo instituziok barik herritarrek.

Hamahiru urte geroago Joxe Arregi hil zen Madrilen, DGS delakoan jasandako torturen ondorioz. Arregik bere herriaren onespena eta maitasuna zuen eta du, eta hala islatu zuen Zizurkilgo Udalak plaza bati haren izena jarrita. Oraingo Udalak plaza horretatik izena kentzea erabaki berri du... Udalean dauden indar politikoek, ez herritarrek hautatutako ordezkariek.

Martxoaren 29an Polizia espainolak Joxe Manuel Ariztimuño «Pana» hil zuen segada batean. Euskal Herri osoan izan ziren mobilizazioak Panaren hilketa eta Gasteizen izandako atxiloketa ugariak salatzeko. Hernaniko Udalak parke bati Panaren izena eman eta monolito bat jarri zuen haren oroimenez. Ariztimuño euskal ekintzailearen oroimenez, eta ez Gerrilleros de Cristo Rey talde faxistako kide baten omenez.

Atzo goizaldean Ertzaintzak Hernaniko plaka eta monolitoa kendu zituen Auzitegi Nazionaleko epaile baten aginduz (non dira epaileak Mikel Ibañez kartzelatik bizirik ateratzeko?). Ez Udalak hala erabaki duelako, baizik «ETA erakundeko kide bati parke baten izena jartzea onespen pertsonala ematea baita eta, beraz, helburu ustez politikoak lortzeko biolentzia erabiltzea baliozkotzea» delako. Pana hil zuten segada berean Mikel Lopetegi zauritu eta atxilotu zuten. Kartzelatu eta zazpi urte geroago, 1988ko martxoaren 2an, hilik agertu zen Herrera de la Manchako ziega batean. Eta legeak betetzen saiatzen naizen honek (beharko saiatu), epaile jauna, ezin diot Lopetegiri, besteak beste, nire onespen pertsonala eta maitasuna ukatu. Eta uste osoa dut Zizurkil, Hernani eta Euskal Herriko beste herritar askok arazo berbera dutela. Bada-eta lege antzurik.

Badira, bihar, 40 urte Txabi Etxebarrieta hil zutela, Pardines hil zutela. Eta gobernuek eta legeek eskaintzen duten konponbidea «etxebarrietak» eta «pardinesak» hiltzen segitzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo