GARA > Idatzia > Kultura

Pier Pol Berzaitzen «Orreaga» sorkuntza lana Baionako zezen-plazan estreinatuko dute

Ainize BUTRON | BAIONA

Pier Pol Berzaitz kantari zuberotarrak bere azken lana jendaurrean aurkeztuko du ondoko uztailaren 26an Baionan. Aurretik egindako «Euskal Spiritua» edo «Zamaltzain» ikusgarrien harira, besteak beste, Zuberoako artistak tradizioa abiapuntutzat hartu, eta «Orreaga» gaian bermatuz, euskal kultur garaikidea agerian jarriko du berriz ere.

Lana lau ataletan banatuta egongo da, eta bi orduko iraupena izango du. Bertan, dantza, musika eta kantua uztartuko ditu. Ororata, ehun eta laurogei parte hartzaile bilduko ditu, artista ospetsu zein xumeagoak elkartuz, hala nola: Joana Etxegoien, Baionako Aezkoa gizon abesbatza, Baigorriko Tantiruki taldea, Magali Zubillaga, Pier Pol Berzaitz eta Zuberoako beste hamar bat kantari ezagun, edo Celia Thomas dantzaria. Guztiak ere, Théâtre du Versant antzerki taldearen zuzendaritzapean, agertuko dira.

Hogei bat musikari ere izango dira bertan, eta musika tresna barrokoak jotzeaz gain, xirularrua, perkusioa, txistua, gaita edo txirula entzuteko parada emango dute.

Baionako udako programazioa abiaraziko duen ikusgarri horren antolaketa Orkonpon elkartearen 30. urteurrenaren karietara antolatu dute.

Izan ere, Lapurdiko hiriburuko elkarte nagusietariko bat da, eta 1978an sortu zenetik, Baionako bizimodu eta izatearen berezitasuna gerizatzea, eta hiriko Alde Zaharreko giroaren bizitasuna ziurtatzea izan da Orkonpon-en zeregin nagusia.

778. urteko epopeia

Nagusiki kultura, kirola edo gastronomia arloak lantzen ditu. Hala, herriko jaiak suspertu, eta Baionako Danborrada eta Leon erregearen irudia sortu ditu elkarteak. «Urteurrena ospatzeko kultur ekitaldi nagusi bat antolatu nahi genuen. Musika, dantza eta kantua uztartuko zituen herri ikuskizun bat izatea nahi genuen», argitu zuten elkarteko kideek. Pier Pol Berzaitz, beste aldetik, «Orreaga» azken sorkuntza lana bururatua zuela-eta, partaide baten bila zebilen hori Baionan agertzeko. Horiek horrela, biak elkartu, eta uztailaren 26rako jarri dute ikuskizunaren plazaratzeko hitzordua, herriko zezen-plazan.

«Baionako udako programazioaren hitzordu nagusia izango da ikuskizuna», esan zuten elkarteko kideek, goraipatuz.

Ikuskizunak, beraz, 778. urtean kokatzen den Orreagako epopeia azalduko du. Antolatzaileek argitu zutenez, testu gehienak euskaraz emango dira, baina, gaskoiera eta frantsesa ere tartean izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo