GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hendaiako atxilotze zentroa ireki dute urte eta erdi itxita izan ostean

Ainize BUTRON |

Paperik gabeko etorkinen Hendaiako atxilotze zentroak ateak zabaldu zituen ostegunean. 2006ko abenduan itxi zuten txiki geratu zelako. Itxi aurretik hamabost lagun jaso zitzakeen gehienez, baina familiarik ez. Urtebete eta erdiko lanen ostean, zentroaren harrera gaitasuna handitu egin da eta egun haurrak ere jaso ditzake.

Zentroan dauden etorkinen eskubideak babesten dituen Cimade elkartea atxilotze zentroaren eginkizuna bera salatzen aritu da handitze obrak abiatu zituztenetik. Ostegunean ateak berriz ere irekitzean, salaketa berretsi zuen Laurence Hardouin Cimade elkarteko lehendakari eta abokatuak. «Atxiloketak eta auziak emendatu baizik ez ditu egingo», esan zuen.

«Antolaketa berezia beharko da. Izan ere, zentroa handitu izanak astean hiru auzi eragingo ditu», nabarmendu zuen. Mugan bertan izatean, paperik gabeko pertsona asko atxilotzen dira Hendaian; gainera, aurrerantzean Estatu frantseseko beste zonaldeetan atxilotutakoak ere zentroan sartzekotan dira.

Cimaderen ustez, paperik gabeko etorkinen atxiloketetan «bilakaera bat» izan da azken urteotan, egungo helburua atxiloketa kopuruak handitzea baita. «Lehen gizonak bakarrik hartzen zituzten. Orain familia osoak hartu ahal izango dituzte; asko- tan, etxerako bidean daudenak ere atxilotzen dituzte kopuruak handitzeko», esan zuen Hardouinek.

Bost auzi egun batean

Zentroko ateak zabaldu eta berehala, atxilotzeak zenbatzen hasi dira. Atzo arratsaldean bertan bost etorkin auziperatu zituzten. «Hasi eta berehala zentroa betetzen hasi dira. Astelehena bitartean beste hainbat auzi izango ditugu», salatu zuen Laurence Hardouinek egoera tamalgarria dela nabarmenduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo