GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Inguruan giro ez

Bekaizkeria diet nepaldarrei. Haien inbidia dut, bai, aitortu behar dut. Baina ez, ez da hangoen altueragatik, ez; ez naiz ni Munduko Txapelketa batean hango saskibaloiko selekzioak Euskal Herrikoa menpean hartu dezakeen beldur, kirol-epaile guztiak espainiar konstituzionalistak izanda ere. Ez, ez da hori. Bestelakoa da diedan bekaizkeriaren iturria.

Gauza izan dira nepaldarrok, gai eta kapaz ere, hango erregea jauregitik bidaltzeko! Utikan handik! Kanpora! Baseko kanpamendu batera! Kale gorrira, azken batean, gorriek hartu berri baitituzte hango kaleak. Zorionak Nepal! Esportatu ezazue Europara monarkak jauregitik bidaltzeko esku-liburua, eskuz idatzita bada ere. Horretarako mezulari modura aprobetxatu handik izaten ohi diren euskal mendizaleak; era horretan ez duzue gutun-azalean zigilurik ipini beharko, badaezpada ere monarkarena izan bailiteke, orain trantsizio garai batean zaudetenez.

Eta orain hor dabiltza monarkak, Katmanduko kaleetan barrena trekkingean, eskuan plastiko-poltsa bete oroimen, eskean, harrera familia baten bila. Himalayatik datorren haize berria heldua zaie orain arte hango errege-jauregia izandakoei. Onik besterik ez die horrek egingo aurpegiko larruazalean.

Harrera familiaren bila dabilen beste bat Ama Lurra da, edo Lur Ama, hobeto esanda. Bere nazioarteko eguna ospatu berria dela eta horretan dabil gizajoa, eskean ere, azpiegituren bazterreko berde apurra baliatuta, erabakien jauregietatik aldendu nahian, osasunagatik.

«Ingurumena Zaindu» diote, bai zera! ingurura begiratu eta ingurupena baino ez dut nik sentitzen. Ingurua gure zain bada, eta ingurukoak zelakoak diren ezagututa, akabo ingurua, bereak egin du!

Arazo nagusia ez da gure ingurua, baizik eta inguru horrek duen ingurua, hau da, gu geu. Bai, inguruan ez da giro. Kontuak atera zer ingurugiro lortu dugun.

Eskerrak uholdeak izan badiren noizean behin, atzamar salatzaile modura: «J´accuse, zeuek!». Jai du ingurumeneko giro horrek gurekin.

Hortaz, ez dakit etorkizun hobea izango duen Nepalen, baina tira! han behintzat monarkiarik gabeko etorkizuna bideratu dute, eta hori ere, bere horretan, bestelako arnasa hartzeko bidea ematen du. Lur Ama jauregietatik ikusi ez dezagun bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo