GARA > Idatzia > Ekonomia

Baserri handi bat paratu du Baionan Paueko Ganberak

Atzo eta gaur hiritarrek beste aukera bat izango dute nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako jarduerak ikusteko, Paueko Laborantza Ganberak Baionan antolatutako erakustazokari esker. Behi lehiaketa izan zen atzoko ekimen garrantzitsuena. Gaurkoan, zaldiak izango dira bereziki nabarmentzekoak. Azokak 19.00etan itxiko ditu ateak.

p030_F06_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Nekazaritzaren munduaren eta herritarren arteko ezagutza eskasa zela-eta, laborarien hainbat erakundek baserria hirira hurbiltzeko premia ikusi zutenetik, laborantzaren nondik norakoen berri izateko parada azken bizpahiru urteotan maiz izan dute Baionan.

Oraingoan, Paueko Laborantza Ganberak eskaini du aukera, antolatzaileek nabarmendu duten moduan, «eztabaida eta kezka sortzen dituzten gaiak saihestuz, horretarako hau ez delako toki aproposa, giro atseginean» iraganen den «La Ferme en ville» erakustazokarekin. Hala, atzo familia multzoak ziren bisitari ohikoenak beren seme-alaba txikiei behiak edo ahateak ikusarazten. Haurrak ziren, hain zuzen ere, begiak handi-handi eginda, gehien begiratzen ziotenak euskal txerri arrazako txerramari kumeak titietara helduta zituela. Ardi batzuek adarrak dituztela, zaldiaren eta astoaren arteko desberdintasunak, edota ahateek sekulako harrabotsa egiten dutela egiaztatu zuten horrela.

Hiritarrak ez ezik, laborariak ere ikus zitezkeen bertan. Batzuk, beren ekoizpenak (piperrak, gasna, eztia, arnoa, ahatekiak...) erakutsiz eta salduz; beste batzuk, berriz, lanbidearekin zerikusia duten erakusmahaiei begira (baserrirako eraikinak, abereen ugaltze teknikak, nekazal langile bihurtzeko prestakuntza...), eta beste asko, behi txapelketari adi.

Izan ere, Akitaniako blonda eta Txarolesen lehiaketak piztu zuen jakin-minik biziena laborarien artean. Hirira ekartzeko txukun-txukun jarrita, epaimahaiaren aurretik harro pasarazten zituzten abeltzainek beren aziendak.

Eguerdi aldera antzeko ekitaldietan izan ohi den agintarien bisitaldi ofiziala ere izan zen. Jean-Michel Anxolabehere Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberako presidentea buru zutela, besteak beste, Jean Grenet Baionako auzapezak, Jean Castaings Kontseilu Nagusiko presidenteak eta Marc Cabane prefetak, buruan txapela eta guzti (bera bezala, txapela ere bearnesa), osatu zuten talde ofiziala.

Atzo behiak izan ziren nabarmenduenak; gaurkoan, ordea, zaldien txanda izango da. Horrekin batera, ardi zakurren erakustaldiak eta ardien ile-mozketarenak ikusterik izango du bisitariak egunean zehar, arratsaldeko zazpietan azoka itxi baino lehen.

Udazkenean, berriz

Aurten gainera, hiritarrek beste hitzordu bat izango dute nekazaritzako jarduera zuzenean ezagutzeko, Euskal Herriko Laborantza Ganberak Lurramaren 3. edizioa azaroan egingo baitu.

Paueko Ganberak bere erakustazoka Lurramari lehia egiteko ez ote duen antolatu, esames ugari zabaldu da egunotan. Beste erreakzio batzuk ere eragin ditu ekimen horrek, «transgenikoak, eta neurririk gabe ongarriak eta ura erabiltzen» dituen laborantza intentsiboa bultzatzen duela salatzeko talde batek eratutako webguneak, esaterako, 33.000 bisita baino gehiago izan ditu.

Kako aferan zigortutakoei elkartasuna agertu zieten Heletan

Zuberoko Kako etxaldearen aferan Auzitegiak ia 10.000 euroko isunekin zigortu zituen sei laborariek elkartasun adierazpen jendetsua jaso zuten atzo Heletan.

ELBk antolatutako ekimenak jendea bildu ez ezik, «askatasun sindikalaren alde mobilizatzea» ere bazuen helburu. Izan ere, nekazarien sindikatuaren ustez, Kakorekin gertatutakoa «FDSEA sindikatuak, SAFERekin (laborantza lurren kudeaketaz arduratzen den erakunde ofiziala) elkar hartuta daramaten politikaren» adierazle garbia izan da.

Paueko egiturek haiekin bat egiten dutela ere salatu du ELB sindikatuak: «Beti laborantza intentsiboa sustatzen dute eta harentzat dira laguntza gehienak». A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo