GARA > Idatzia > Kirolak

Kataluniako sari nagusia

Stonerrek eta Pedrosak aurrea hartu dute

p043_f02_088x076.jpg

GARA | MONTMELO

Casey Stoner australiarrak txapelketa honetako bere aurreneko polea lortu zuen azken itzulian Dani Pedrosaren marka gainditu eta gero, eta Kataluniarrarekin batera lasterketa irabazteko abantaila hartu zuen Rossirekiko.

Iazko txapeldunak, bederatzi hilabete eta gero, modu bikainean lortu zuen polea: Montmelo zirkuituko errekorra 7 hamarrenetan jaitsita. Rossik bederatzigarren kronoarekin geratu behar izan zuen atzokoan eta aurreneko postuetatik urruti abiatuko da irteeran. Aterako ez dena, berriz, Jorge Lorenzo izango da, ezin izan baitzuen atzoko saioetan parte hartu ostiraleko erorikoaren ondorioz. Hala ere, balearrak hobera egin du eta gaur bertan ospitaletik irtengo dela espero dute.

Litro laurdenekoan hiru gidari espainiar sailkatu ziren aurreneko hiru postuetan. Alvaro Bautista izan zen guztien artean azkarrena eta, aurtengo txapelketako bere hirugarren polea lortuz, Alex Debón eta Héctor Barberáren aurretik abiatuko da.

125ekoan Pol Espargaró gaztea izan zen azkarrena. 16 urteko gidariak bere aurreneko polea eskuratu zuen bere jarraitzaileen aurrean eta azken probetako aurrerakuntza erakutsi zuen. Rabat, bestalde, onik dago, atzo konortea galdu eta ospitalera eraman zuten arren, baina ez du lasterketan parte hartuko.

Efrénen hobekuntza

Efrén Vázquezek hamabosgarren denbora lortu zuen 125ean, denboraldiko posturik hoberena errepikatuz, eta gustura azaldu zen: «Hazten ari garela nabari dut eta konfiantza hartzen ari naiz nire pilotatzeko eran. Ez da erraza izango baina gure helburua lasterketan punturen bat lortzea izango da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo