GARA > Idatzia > Errugbia

Biarritz taldea ez da finalerdietan izango

ST.FRANÇAIS 22

BIARRITZ 18

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek ez du aurten Ligako finalerdirik jokatuko, atzo galdu egin baitzuen Parisen. Liga amaitzeko jardunaldi bat besterik ez da geratzen, eta azken urte hauetako kaskarrena izan dela onartu beharra dago. Biarritzek Liga eta Heineken Kopa irabazteko asmoekin ekin zion denboraldiari, baina Europan lehen fasea ez zuen gainditu, eta Ligan ere ez da finalerdietan sartu.

Hala ere, atzo zuri-gorriek ez zuten partida txarra egin, eta 80.000 ikusleren aurrean, galdu arren, gaizki ere ez ziren geratu. Ez ziren etxekoak baino gutxiago izan. Entseguak ere gehiago egin zituzten, baina jaurtiketetan kamuts aritu ziren, eta azkenean defentsan lortutako puntuarekin konformatu behar izan zuten.

Stadek finalerdietarako txartela segurtatuta zeukan, baina zaleei itxura ona ematea zen bere asmoa, eta lortu zuten. Biarritzek Liga amaiera lasaia izango du, ez baitu ezer jokoan izango azken jardunaldi horretan. Gainera, larunbatean jokalari batek baino gehiagok ziurrenik azkeneko aldiz jantziko du elastiko zuri-gorria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo