GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Malentxu

Ines INTXAUSTI, Telebista kritikaria

Azken bolada honetan bitan ikusi dut Malen Fernandez de Larrinoa gure telebistan. Laguna dut eta berari eskaini nahi diot gaurko artikulua. Txikitatik ezagutzen dut. Malen itsua da. Eta txikitatik da itsua. Seguru asko xehetasun horrek oso pertsona berezia bilakatu du Malen. Baina harago doa neskatoa. Sutan blai saioan, adibide gisa, argazki kamera atera zuen eta baita argazkiak egin ere. Gero erakusteko diren argazkiak, hain zuzen ere. Oximorona dirudien arren, itsumenaren begitik aritu zen Malen. Eta ez zegoen aurretik prestatuta. Malentxuk galeria batean ere aurkeztuak ditu orain dela bost urte egindako argazkiak. Beraz, badu albiste bihurtzeko nahiko mami. Eta umorea, zalantzarik gabe. Oztopoek ez diote beldurrik sortzen, inondik inora. Era batean, miresten dut. Ikasi du, gizaki bezala heziketa ezin hobea eta duina izan du familia barnean. Eta baita adimena eskuratu ere. Euskara irakaslea dugu, masaje-emaile izateko ari da bere burua prestatzen... Informazio iturri agorrezinak dira bereak: hitz egitea, mintzatzea, komunikatzea, berba egin. Eta horretarako gizakiak behar dira, bera bezain gizadunak. Horiek dira Malenek gogoko dituen ariketak. Jendearekiko harreman naturalak. Hain baztertuak ditugun ohitura osasuntsuak ditu-eta berak. Emeki hurbilduko zaizu nor eta nolakoa zaren jakin nahian. Une horretan begiak itxiko bazenitu zenbat gauza ezberdin ikusten ari zaren zenbatzeko, milioiak izango lirateke, berak bi itzal zenbatzen dituen bitartean. Ez dio bizitzari beldurrik eta berdin prestatzen da tirolina, argazkiak edo tiroplato egiteko...

Andoni Aizpuruk bere saioan eta Nerea Aliasek eta Ibai Eizagirrek beraienean sentiberatasun osoz hartu zuten. Gutxitan ikusten da telebista halako jarrera zailetan. Errazago jotzen da beherantz gorantz baino. Nik neuk berarekin izan ditudan pasadizo pribatu zein intimoekin hasiz gero liburutxoa egin beharko nuke. Eta txakurrak daki. Agian berak argzakiak eta nik hitzak. Adorea eta kemena, Malenena. Animo Malen, uda honetan Gorbeian ikusiko zaitugu, puntaren puntan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo