Jazza eta bertsolaritza, elkarrekin lehenengo aldiz Donostiako Jazzaldian
GARA | DONOSTIA
Jazza eta bertsolaritza elkartuko ditu Donostiako Jazzaldiak, uztailaren 25ean egingo den ekitaldi berezi batean.
Lau bertsolari, bost musikari eta gai-jartzaile bat batuko dira Victoria Eugenia antzokian gau horretako saioan. Donostiako Heineken Jazzaldian entzungai izango dena ez da bertso saio arrunta, atzo partaideek prentsaurrekoan jakinarazitakoaren arabera. Ezta ere jazz kontzertu bat, non bertsolariek kantatuko duten zerbait sinbolikoa. «Musikariek bertsolariekin, eta bertsolariek musikariekin, batzuk zein besteak bat-batekotasunean mugituko dira, benetako solasaldi batean», azaldu zuten antolatzaileek. Hala, musika bertsolarien gaia izango da, eta bertsoak musikarientzako inspirazioa izango dira.
Parte hartuko duten bertsolariak Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Amets Arzallus izango dira. Bixente Martí- nez, Julen Izarra, Asier Ituarte, Jon Piris eta Hasier Oleaga izango dira musikariak. Gai-jartzaile Unai Elizasu ariko da.