Fran Balda eta Ismael Martiarena Sakanako 41 hautetsi independentisten izenean
Sakanan NaBai parean. Kritika politikoa
Irainak eta gezurrak? Kritika eta balorazio politikoak. Ez zaizuela batere gustatu? Guri ere ez zuen jarrera eta portaera politikoak. Horretan oinarritzen dira gure kritika eta balorazioak, hain zuzen ere.
Denok jakinaren gainean egoteko, azken hauteskunde munizipaletatik urte bete pasa denean, Sakanako ezker abertzaletik egin dugun balorazioaren aurrean, Sakanako NaBaiko hautetsi batzuen hitz jarioari erantzuna ematera gatoz gutun honetan.
Egindako kritika politikoa kriminalizatzen saiatu zarete. Gure kritikarekin mehatxatuta sentitzen omen zarete, ezker abertzalearen etsai izendatu omen zaituztegu... Txo! Herri hau ito eta ukatzeko, konstituzioa eskuan duela biolentziaren erabilera historiko, etengabe, mugagabe eta anitza duena da herri honen etsaia. Eta, beraz, ezker abertzalearena. NaBai Nafarroan, PNV Vascongadetan bezala, eta hemerotekak lekuko, Euskal Herriaren ukazioan bere «politika» oinarritzen duen indar horrekin akordioetara iristeko arrastaka zabiltzaten indarrak zarete. Eta hor kokatzen da gure kritika politikoaren oinarrietako bat. Euskal Herria buruan eta gogoan beharrean, ezarritako boterearen kudeaketa duzuelako lehentasun, bide horretan salbuespen egoera ankerrena irentsi behar baldin baduzue ere. Zuek gure arerio politikoak zarete.
Nor da zuen etsaia? Indarrez inposatutako legedi antidemokratiko espainiarra txistik esan gabeko onarpenean oinarritzen da gure kritika politikoaren beste zutabe bat. Sakanan gure 11 eserleku hutsik mantentzen dituzue Etxarri, Bakaiku eta Ziordian. Bai, zuek horrela nahi duzuelako. 182.2 artikulua aplikatuz gero, zuen zerrendak «hustu (¿) eta ateratako zinegotziak Espainiako epaileen erabileraren menpe geldituko liratekeela» diozue. Momentuz, hemen Sakanan, zuek zarete alderdien legearen exekutoreak. Espainiako epaileek nahi dituzten sarraskiak egiteko beldur gutxi zuek bezalako subditu leial eta isilak dituzten bitartean. Gu ez gaude horretarako prest. Gu ez gara subditu leialak, eta larrutik ordaintzen dugu. Gustatu edo ez, zuek zarete gure aulkiak hutsik mantentzen dituzuenak herri borondatearen gainetik. Eta gutxi balitz bezala, gure lana zailtzeko asmoz neurri zehatzak hartu dituzuenak: plenoak goizeko 8etan jarriz, taldeari dagozkion gelak kenduz edo ukatuz, hautetsiei hitza plenoetan ukatuz; dagozkigun subentzioez... zer esan? Zuek «ilegalak» garela tragatu eta logika horretan jokatzen duzue.
Alderdien Legea ez duzuela onartzen, eta zer egiteko prest zaudete? Gure kritikaren hirugarren ardatza erakundeen kudeaketari dagokio. Ez gatoz bat erabaki, modu eta jokaera askorekin eta kitto! Ez gatoz bat lan eta beharren plangintzarik aurkeztu gabe Mankomunitateko lehendakaria liberatzearekin, ez gatoz bat euskara zerbitzuan emandako araudi aldaketekin (are gehiago euskalgintzan dabiltzan ia talde denen aurkako jarrera ikusita), ez gatoz bat kontrol politikoa ziurtatzeko eta etika politiko eskasa erakutsiz NaBaiko Etxarriko alkatea zerbitzu buru eta bertako langile izatearekin, ez gatoz bat nahiz eta «legea» goitik behera bete. Non bizi gara? Legedia betetzeak noiztik bermatzen du garbitasuna, portaera etikoa edo justizia? Espainiair inperioan legedia eta zuzenbidea ia inoiz ez dira uztartzen.
Edo zuen ustez bai? Gure lana Euskal Herria egunez egun egitea da. Horretarako ez diogu etsaiari baimenik eskatzen, eskubideak ez direlako eztabaidagai. Euskal Herria garatzeko proposamen politiko eta proiektuak dira eztabaidagai, ez gure herriaren nazio izaera edo bertako herritarron erabakitzeko eskubidea. Hau da NaBai eta Ezker Abertzalearen arteko ezberdintasun sakonena eta praktika politiko ezberdinen oinarri.
Herriaren eraikuntzan zerbait aportatzeko, auzolanean aritzeko prest dagoen ororekin elkartzen gara egunero eta edonon, bidea markatuta dago, zehaztu dezagun, egin dezagun. Guk horretan inbertitu ditugu indarrak, eta hoberenak, aurki, giltzapean ditu etsaiak, eta ahaztuak gure arerio politikoak. Gora gu ta gutarrak!