Torturaren aztarnak, herriaren kontzientzian
Igaro den asteburuan hainbat espainiar egunkarik Txabi Etxebarrieta hil zuteneko segada ekarri dute gogora. Txostenak eta iritziak irudiz hornitzeko asmoz, garai hartan atxilotutako herritarren argazkiak argitaratu dituzte egunkariok. Atxiloketen ondoren polizia-etxeetan egindako argazkiak ziren eta begiak handituta zituzten atxilotuetako batzuk. Kolpeen ageriko aztarnak ziren; agerikoak orduan eta agerikoak orain.
Ordutik hona berrogei urte igaro dira eta, hala eta guztiz ere, horrelako irudiak berriro ikusi ahal izan genituen duela hilabete gutxi batzuk. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren gorputz kolpatuen irudiak eta beraien testigantzak ziren, atzokoan berriz ikusi eta entzun ahal izan genituenak. Izan ere, atzo Portuk eta Sarasolak tortura salaketak berretsi zituzten epailearen aurrean, espetxetik egindako bideokonferentzia bidez izan bazen ere. Nolanahi ere, bai esperientziak bai adituen txostenek -Nazio Batuen Erakundearen ordezkariaren azkenak, adibidez- horrelako auzietan epaitegietan itxaropen handirik ezin dela izan erakusten dute.
Dena den, ez denborak ez espainiar epaitegiek ez dute lortuko Igor Portuk eta Mattin Sarasolak jasandako torturen aztarnak ezabatzea, ez Euskal Herriaren kontzientziatik bederen. Espainiarrei kontzientzia aldatzeko, ordea, berrogei urte baino gehiago igaro beharko dira.