Hugo Chávezen adierazpen harrigarrien harira
Hugo Chávezek Kolonbiari eta FARCi buruz egindako azken adierazpenak harrigarriak dira, edonondik helduta ere, eta Uriberen Gobernuaren erreakzioek baieztatzen dute hori. Chávezek Kolonbian une honetan politika egiteko ordua dela, gerrilla gerra agortuta dagoela eta FARCek bahituak baldintzarik eta ordainik gabe askatu behar dituela esan zuen, besteak beste. Adierazpen harrigarriak, beraz; batez ere, Kolonbian konponbide negoziatuaren alde behin eta berriz azaldu den agintariaren esanak izateko.
Etengabe esan izan da Chávez «XXI. mendeko sozialismoa» eraikitzen ari dela, baina sozialismoa ezin da eraiki historiari bizkar emanda. Sozialismoaren ardatz nagusiak herrien arteko errespetua eta elkartasuna direlako, han eta hemen, lehen eta orain. Horregatik, Chávezen hitzei bestelako interes edo kalkuluren bat antzeman dakieke, une honetan Chávezek errespetu eta elkartasun horren gainetik jarri dituen kalkuluak. Denborak argituko du hori.
Gainera, demokraziaren aldeko talde guztiek onartzen dutenez -baita FARCen aurka dauden taldeek ere-, gaur egun Kolonbian ez dago «politika egiteko» inolako tarterik, eta hori da, hain zuzen ere, FARCen indarra azaltzen duen lehendabiziko faktorea. Paramilitarismoak Kolonbiako sistema politiko osoa bahitu du eta horixe da lehenik eta behin askatu behar dena.