Tasen igoera salatu du Antsoaingo Gazte Asanbladak
GARA |
Antsoaingo Gazte Indarra asanbladak Udalak tasak eta prezio publikoak % 50 igotzeko hartu duen erabakia salatu du. «Izandako igoera itxuragabe eta bidegabeak kirol eta kultura jardueretan du eragina gehienbat. Ondorioz, Antsoaingo biztanleak izango gara kaltetuenak», azaldu dute taldeko ordezkariek. Gainera, neurri horien ondorioak batez ere gazteek jasan beharko dituztela uste dute, eskuratze botere murritzagoa dutelako.
Gogora ekarri dute orain urtebete 1.131 sinadura bidali zituztela Udalera aisialdi politika alda zezan eskatuz. «Idaki kirol instalazio elitistetan prezioak murriztea eta frontoia dohain erabili ahal izatea ere aldarrikatu genuen». Eskaera horrekin elkarretaratzea antolatu dute udaletxearen parean datorren ostiralean, arratsaldeko bostetan.