Sega Gipuzkoako Txapelketa
Gabirondok jantzi du denboraldiko lehen txapela
Gazteluarra zen emakumezkoen finalean garaipena lortzeko hautagaia, eta ez zuen hutsik egin. Iazko txapeldunari hamahiru segundoko aldea atera zion
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Marialuixa Gabirondok jantzi zuen segalarien aurtengo lehenengo txapela. Izan ere, Gaztelukoak lortu zuen herenegun Zizurkilen emakumezkoetan irabaztea; eta faboritoa bera izanda ere, ez zuen hutsik egin eta, hala, une honetan besteen gainetik dagoela erakutsi zuen.
Nazioarteko eran jokatu zuten txapelketa, eta segalariek 42 metro karratuko sailak moztu behar izan zituzten. Txapeldunak, hamahiru segundoko aldea atera zion bigarrenari. Halako lehiaketetan, azkartasuna eta txukuntasuna uztartu behar dira, eta batean zein bestean primeran moldatzen da Gaztelukoa. Iaz Garin izan zen onena, baina atzo bigarren postuarekin etxeratu behar izan zuen.
Mutiletan, berriz, Zizurkilen bertan abiatu zen Gipuzkoako Txapelketa. Hiru proba egingo dituzte: lehenengo hori, nazioarteko eran izan zen; eta gainerako biak, betiko eran izango dira. Gero, estreinako laurak, hilaren amaieran Larraitzen jokatuko dute finala, eta hura ere betiko eran egingo dute.
Lehen jardunaldi horretako onena Andoni Goikoetxea izan zen. Hasieran bidalitako parte-hartzaileen zerrendetan bere izena, beste batekin nahastu zutela-eta, ez zen agertzen, baina gazteluarra aurten ere Gipuzkoako Txapelketan izango da, eta lehen saioan erabateko nagusitasuna erakutsi zuen.
Nazioarteko eran oso ongi moldatu zen Andoni, eta ia minutu bateko aldea egin zuen bigarren sailkatuarekiko, Aranalderekiko. Beraz, Goikoetxea izango da sailkapeneko lehenengoa. Bigarren jardunaldia datorren igandean jokatuko dute Errezilen, baina betiko eran, edo era tradizionalean izango da. Herenegun, Zizurkilen, saioa hasi aurretik, Mikel Egibar euskal presoa izan zuten gogoan.
Goiherri
Atsedenaldi baten ostean, Euskal Herriko Sokatira Txapelketa herenegun itzuli zen, eta 640 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten Kortezubin. Goiherri zen faboritoa, eta dirudienez, berdeek ez dute ezusterik nahi, eta lehen jardunalditik gogor jotzeko asmoa dute, txapela ahalik eta azkarren segurtatzeko. Hasierako ekinaldian, gainerako guztiak baino hobeak izan ziren.
Goiherrik lortu zuen garaipena lehen ekinaldi horretan, eta horretarako mendean hartu zituen gainerako talde guztiak. Bigarren, Gaztedi sailkatu zen. Gorriek galdu egin zuten Goiherriko lehen taldearen aurka, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten.
Hirugarren postuan sailkatu zen Mutrikuko taldea. Gipuzkoarrek lehen bi sailkatuekin galdu egin zuten, baina gainerako guztiak mendean hartu zituzten, eta hirugarren geratu ziren. Laugarren, berriz, Areso sailkatu zen. Nafarrek Goiherri B eta Getxo bakarrik hartu zituzten mendean, beste talde guztiekin galdu egin baitzuten.
Goiherriko bigarren taldeak lortu zuen bosgarren postua, eta hori, Getxori irabazi egin ziolako, gainerakoen aurka galdu arren. Azken postuan, berriz, Getxo sailkatu zen, ez baitzuten tiraldi bat bera ere irabazterik lortu.
Sailkapenean, Goiherri A doa lehen postuan, 6 punturekin; bigarren, berriz, Gaztedi 5 punturekin; hirugarren, Mutriku 4rekin; laugarren geratu da Areso taldea, 3 punturekin; bosgarren dago Goiherri B, bi punturekin; eta azken postuan geratu da Getxoko taldea, puntu bakar batekin.