GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arrasateko Elkartasun Egunean preso gaixoak izango dituzte gogoan

GARA |

Portaloira plataformak antolatuta, Elkartasun Egunaren hirugarren edizioa egingo dute larunbatean Arrasaten. Gaixorik dauden presoak izango dituzte bereziki gogoan, horien artean, Ion Agirre eta Iosu Uribetxeberria herritarrak, eta Mikel Ibañez elgoibartarra. Gaixotasun larri eta sendaezinak izan arren, «espetxe politika kriminalak 13 euskal preso politiko kartzelan jarraitzera behartzen» dituela salatuko dute. Herriko plazatik abiatuta manifestazioa egingo dute 13.00etan, eta gainera, umeen txokoa, herri kirolak, bazkaria eta kontzertuak ere izango dira.

Bestalde, Juan Carlos Subijana eta Oier Gonzalez euskal preso politikoek 22 egun bete zituzten atzo gose greban. Senideak beraiekin egon ziren herenegun, eta nahiko ahulduta sumatu zituzten. Greba hasi zutenetik 12 kilo baino gehiago galdu ditu bakoitzak. Gainera, Subijanak arazoak ditu giltzurrunetan.

Hala ere, beren eskariak betetzen ez dituzten bitartean gose greban jarraituko dutela ziurtatu zuten. Hauxe eskatzen dute: espetxe horretan euskal presorik bakarrik ez egotea; bisita bikoitz gehiago izatea; hilean lau liburu eta bi disko jasotzeko eskubidea; ziega aldaketa gehienez hiru hilero egitea; eta eskutitzen eta harpidetzen entrega normalizatzea.

Askatasunak presio soziala indartzeko garaia dela esan zuen, eta bihar Gasteizen 19.30ean Fariñasetik abiatuko den giza katean parte hartzeko deia egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo