GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Urduritasunak badu alde onik

Literatur kritikari burutsuenek diotenez, hemendik aurrera detektibe bereziei buruzko nobelak salduko dira gehien. Denbora kontua baino ez da, historiaz ahitzen garenean mundu guztia polizia ustelen kontuak irakurtzen egongo da

Modan omen daude nobela beltzak. Literatur kritikari burutsuenek badiote literatura historikoa deitu izan zaion horren lekua hartuko dutela aurrerantzean detektibe nobelek. Orain artean katedralei buruzko eleberriak saldu izan badira gehien, hemendik aurrera detektibe bereziei buruzko nobelak salduko direla. Denbora kontua baino ez dela, historiaz ahitzen garenean mundu guztia polizia ustelen kontuak irakurtzen egongo dela. Zenbait idazle ezagun ere hasi dira horrelakoak idazten. John Banville idazle irlandarrak, esate baterako, beste izen batekin izendatzen ditu idazten dituen detektibe nobelak. Eta bere nobela ustez serioak baino dezente gehiago saltzen du izen berriarekin.

Denetarik dago literatura beltzaren mundu horretan, dudarik ez da. Badira lan kaskarrak eta bada lan bikainik ere. Polizia nobela on bat izan dut azken aldian eskuartean, Jed Rubenfelden «The Interpretation of Murder», hilketaren interpretazioa. Egile estatubatuarraren nobelak hainbat pasarte ditu gogoangarri eta idazketa fina darabil. Hasieratik harrapatzen zaitu. Eleberrian benetako pertsonaiak eta fikziozkoak elkartzen dira. Benetakoen artean dago Sigmund Freud, eta Freudek New Yorken igaro zituen egunak datoz liburuan kontatuak xehetasun guztiekin. Egileak tesia idatzi zuen Freudi buruz eta igartzen da hori liburuan, sakon-sakonetik ezagutzen du haren bizitza eta izaera.

Orrialdeen artean hainbat kontakizun txiki daude. Freudi buruzko pasarteetan badago bitxikeriarik. Halako batean kontatzen da Sigmund Freud kexu zela gezurrezko psikoanalista asko atera zelako han-hemenka, psikoanalisia modan jarri zela eta geroztik edozeinek esaten zuela psikoanalista zela eta edozerri deitzen zitzaiola psikoanalisi. Ustez mediku zirenak medikuntza esoterismoarekin eta antzeko kontuekin nahasten zutela, sasi-medikuak baino ez ziren Freudentzat.

Eta adibide bat kontatzen du. Nonbait oso modan egon zen terapia modu bat garai hartan New Yorken. Aberatsen artean egin zen ezagun. Emakume aberatsen artean, hain zuzen. Hiriak urduritasun handia sortzen zuen eta urduriegiak omen ziren emakumeek jasotzen zuten terapia hori. Terapia ez zen beste mundukoa. Masaien bitartez eta ura erabiliz orgasmora iristen ziren emakumeak medikuarenean. Lasaitu egiten ziren horrela. Horixe zen sendabidea. Gisa horretako medikuek, jakina, ez zuten esaten hori orgasmoa zenik, ez dakit zer izen tekniko ematen zioten. Dena dela, uste zuten horixe zela modurik onena medikuarenetik emakumeak barruak hustuta eta lasai ateratzeko. Eguneroko bizimoduan metatzen ziren nerbioak bertan geratzen omen ziren horrela.

Freudek ez zuen bat ere gustuko terapia hori, irizten zion ez zela zientifikoa, adarra jotzea baino ez zela. Eta horrelaxe jasotzen du Jed Rudenfeldek bere nobelan. Ez dakiguna da Freuden iritzi berekoak izango ziren medikunetik pozarren ateratzen ziren emakumeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo