GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskara nagusi izango den lur eremua nahi du jada 52 kide egin dituen UEMAk

Areso, Atxondo, Mallabia, Otxandio, Ezkio-Itxaso eta Azpeitia. Sei gehiago. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 52 kide ditu atzodanik. UEMA Egunaren baitan, euskara nagusi izango den lur eremua osatzea dela etorkizuneko xede nagusia berretsi zuen Jon Bollarrek.

p025_f02_111x111.jpg

Mikel JAUREGI |

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) beste sei kide ditu atzodanik: hiru bizkaitar (Atxondo, Mallabia eta Otxandio), nafar bat (Areso) eta bi gipuzkoar (Ezkio-Itsaso eta Azpeitia). Azken herri horretan, hain zuzen, egin zen «ofizial» horien sarrera, «Sustraiak galtzen ez utzi. Euskarari eutsi» leloarekin egin zuten UEMA Egunean.

Bilkura eta harrera ofizialez gain, egitaraua oparoa izan zen, goizean hasi eta gau parteraino: pilota partidak, herri-kirol lehia bizia, bazkaria Berdura plazan, haurrentzako parkea, txotxongiloak, dantzaldia, kontzertuak...

Ekitaldi nagusia, baina, eguerdiko ordu batean egin zuten Herriko plazan, eta horretan Mankomunitateko lehendakari Jon Bollarrek Zuzendaritza batzordeak prestatutako idatziaren berri eman zuen. Batik bat, etorkizunari begira egindako testua da, eta helburu zehatz bat mahairatzen duena: euskara nagusi izango den lur eremua eratzea. «Biziko bada eta garatuko bada, euskarak hori behar du. Normalizazioa lortzeko modu bakarra da. Eta horixe da UEMAren erronka: gutxieneko lurralde horretan euskaraz arlo guztietan jardun ahal izateko la- guntza eta bermea eskaintzea», zehaztu zuen Bollarrek.

Gogorarazi zuen orain 17 ur-te, Aizarnazabalen, Mankomunitateak bere aldarrikapen eta xede nagusiak plazaratu zitue-la, «eta hizkuntza baten normalizazioan 17 urte gutxi izan arren, geroztik pauso batzuk eman ditugu». Esaterako, apurka bada ere, Administrazioan euskara lan-tresna bilakatu izana aipatu zuen. «Betetzen ari gara hasierako helburu horiek, eta UEMAren aldarrikapenak eta izatea onartuak dira».

Beste xede nagusi bat ere badu Mankomunitateak, presidentearen hitzetan: «Egun 52 udalerri gara, baina badira Euskal Herrian euskaldunak diren eta UEMAn ez dauden beste hainbat udalerri. Horiek geureganatu behar ditugu».

«Autonomiari helduta»

Hamazazpi urteko ibilbidea izanagatik, eta eginiko lanaren emaitzak ere agerikoak izan arren, hasiera hartan UEMArekiko batzuek erakutsi zituzten susmoak ez direla desagertu ohartarazi zuen. «Herri ekimenari esker sortutako erakunde instituzionala da UEMA, eta egoera ezohiko horrek oraindik arazoak sortzen ditu», adierazi zuen, baina segidan honakoa azaldu zuen: «Arazoak arazo, oztopoak oztopo, aurrerantzean ere UEMAk bere autonomiari eutsiko dio. Zabaldutako bideak lantzen jarraituko du».

Hizkuntza nazionala berreskuratu ahal izateko eta normalizazioa errealitate izan dadin, Bollarrek azaldu zuenez, herritarren partaidetza «ezinbestekoa» da. «Ez da nahikoa erakundeei eta eskolei erantzukizunak eskatzearekin, herritarrak berak parte hartu behar du», gaineratu zuen. UEMAk, beste aldetik, Kontseiluarekin eta euskalgintzako eragileekin aurrera daraman elkarlana «sendotu» egingo duela jakinarazi zuen.

Alkatearentzat, «ohorea da»

Mankomunitateko presidentea mintzatu aurretik, Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek hitz egin zien han bildutakoei. «Gaurkoa [atzokoagatik] oso egun garrantzitsua da. Urte luzeetako alda-rrikapena egia bilakatu dugu, UEMAn sartu gara. Guretzat ohorea da. Azpeitiak euskara behar du, Euskal Herriak euskara behar du, euskara nagusi izango den lur eremua behar du Euskal Herriak», aldarrikatu zuen.

EHEko Azpeitiko ordezkari Eneritz Mendiolak ere hartu zuen hitza, eta, lehenik eta behin, txalotu egin zuen Udalak Mankomunitatean sartzeko egindako hautua. «Herri eus-kalduna da gurea, baina horretarako lan handia egin behar izan da. Eragileek lan franko egin dute», esan zuen, eta hainbat urtetan emandako urrats horiek guztiek ekarritako onurak onartu bazituen ere, oraindik ere asko dagoela egiteko gogorarazi zuen.

aramaio garaile

Herrien arteko euskal jokoetan lehia polita ikusi ahal izan zen, estua. Besteak beste, ingude-altxatzen, lokotxak biltzen eta sokatiran jardun zuten. Txapeldun, Aramaio geratu zen, bigarren Azpeitia, hirugarren Lea-Artibai eta laugarren Zestoa.

solidarioak

Eguerdiko ekitaldi nagusia hastearekin batera, bost solidario agertu ziren herriko plazan preso politikoen eskubideak aldarrikatu eta Mikel Ibañezen egoera larria salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo