GARA > Idatzia > Kultura

Axularren «Gero» lanaren lehen irakurraldi osoa burutuko dute ostegunean Arriaga Antzokian

Elkarlan taldeko euskaltegiek bultzatuta, ostegun honetan Axularren «Gero» liburuaren lehen irakurraldi osoa eta publikoa egingo da goizeko 8etan hasi eta 12 orduz luzatuko den etenik gabeko ekitaldian.

GARA | BILBAO

«Hizkuntza landu guztietan egon ohi dira obra nagusi batzuk, hizkuntza horietan goia jo dutenak, gorengo maila erdietsi dutenak. Guk horrelako obrarik izan badugu, Axularren `Gero' da», azaldu du Bilboko hiru euskaltegi biltzen dituen Elkarlan taldeak. Arrazoi hori dela medio, hurrengo ostegunerako, hilaren 19rako, lehendabizikoz Pedro Agerre Azpilkueta «Axular» idazleak idatzitako liburuaren etenik gabeko irakurraldia antolatu dute. Goizeko 8etan hasiko da Arriaga Antzokian burutuko den ekitaldia eta antolatzaileek 12 orduz luzatzea espero dute.

Hitzorduari hasiera emateko, Joan Mari Irigoien idazleak eta Euskaltzaindiako lehendakariak, Andres Urrutiak, Bordelen 1643an argitaratutako lan honen lehen paragrafoak irakurriko dituzte. Ondoren, besteak beste, euskararen munduko pertsona esanguratsuek, Athleticeko jokalariek eta Bilboko Udaleko zinegotziek hartuko dute parte irakurraldian.

Festa eta kultura

Bilboko Udaletik esan dutenaren arabera, ekimenaren helburua «euskararen klasikoak ezagutaraztea eta irakurketarako zaletasuna bultzatzea da». Horrez gain, festa-izaera ere badu hitzorduak. Hiru urte dira Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti eta Juan Mateo Zabala euskaltegiek osatzen duten Elkarlan taldeak kurtso amaierako «Ikasleen Jaia» antolatzen dutela. Sortu zenetik, ospakizunaren xedea ikasleek egindako ahalegina txalotu eta omentzea da. Aurtengo edizioan, ordea, «Gero» liburua «osorik, ozenki eta publikoaren aurrean irakurtzea» erabaki dute, jaiaren planteamenduari «egoki baino egokiago» lotzen zaiola uste baitute. Ikasleen lana publikoki goraipatzeko bidean, irakurraldi hau antolatzeko arrazoi nagusi eta indartsu bat izan dutela nabarmendu dute: «`Gero' irakurtzea festa egitea da».

«Gero» lanaren gorentasunaz mintzatu diren aditu asko daudenez, ez dirudi «euskara jator oparoa borborrean darion» liburu hau aukeratu izanak justifikaziorik behar duenik. Hala ere, antolatzaileek hamabost arrazoi zerrendatu dituzte hartutako erabakia argudiatzeko. Hori bai, esan dutenaren arabera «erraza litzateke emandako arrazoien pareko beste hamabost bilatzea, baita, nahi izanez gero, beste hamabost ere». Arrazoien artean «Gero» lanaren balioa, ludikotasuna edo egilea alegiazko pertsonaia bihurtzea azpimarra daitezke. Arrazoiak ikusita, argi dago euskal literatura zaleek nahitaezko hitzordua dutela ostegunen 20:00etatik aurrera Arriaga Antzokian.

El actor recibió ayer «con el mayor orgullo» el premio Príncipe de Viana de la Cultura 2008. Durante el acto tradicional en el Monasterio de Leire, presidido por los príncipes españoles, Landa contó que fue su madre, Emilia Areta, «navarra de pura cepa», la que le enseñó que ser de esta tierra significa «ser honrado, no temer al trabajo ni a la adversidad y ayudar, con una sonrisa, a la gente que lo necesita».

IKASLEEN JAIA

Elkarlanek kurtso amaieran «Ikasleen Jaia» antolatzen du. Aurten «Gero» liburuaren irakurraldia burutuko dute, lan hau irakurtzea festa egitea dela uste baitute.

Fitxa

Ekintza: »Gero» liburuaren etenik gabeko irakurraldia.

Tokia: Arriaga Antzokia.

Data: Ekainaren 19an.

Ordua: 08.00etatik 20.00etara.

Antolatzaileak: Elkarlan (Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti eta Juan Mateo Zabala euskaltegiak).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo