AINHOA APAOLAZA SALTERAIN Elorrixarren izenean
Elorrixotik Algecirasera maitasunez
Iragan ostiralean beti bezala esnatu ginen elorrixarrak, batzuk lanera joateko, beste batzuk ikastera...Beti bezala. Baina itzelezko belarrondokoa jaso genuen guztiok GARA irakurtzerakoan. Bertan zetorren albistea! «Arkaitz Bellon euskal preso politikoa jipoitu dute Algeciraseko espetxeko funtzionarioek».
Ezin genuen sinetsi, orduan hasi ziren gure arteko deiak, galderak, informazio gosea. «Zer gertatu da?», «nola dago Arkaitz?», «etxekoei deitu beharko diet, ia zer dakiten»... Mila galdera eta erantzunik ez. Inork ez zekien ezer. Gero, aldiz, etxera deitzea eta abokatuaren bisita izatea ere lortu zenuen azkenean eta, ondororioz, guk badakigu zertxobait gehiago.
Gogor jipoitu zaituztela, zu suntsitzen saiatu direla baina ez dutela lortu, gogor eta indartsu zaudela esan digu zure amak herriko plazan egin dugun elkarretaratzean.
Bihotzak zirrara berezi bat sentiarazi digu bertan egon garen guztioi zure amak zure berri eman digunean. Jipoia zelakoa izan den kontatu digu, baina baita ondo zaudela esan diozula eta elkartu garen guztioi eskerrak emateko eskatu diozula.
Eskerrak guk eman behar dizkizugu zuri egoera latz honetan aurrera egiteko erakutsi duzun duintasunagatik, eskerrak borrokatzeko egunero erakusten duzun grinagatik, gogor egin Arkaitz!
Lerro hauek idazten dizkizugu zurekin gaudela esateko, seguru gaude Algecirasen zaituzten arren, gure maitasuna sentitzeko gai zarela. Jakizu hemen gauzkazula eta zure eta zuen eskubideengatik borrokan jarraituko dugula, Elorrixoko herriak maite zaituztelako.
Ezin gutun hau bukatu munduko beste edozein txokotan borrokan zabiltzaten guztiei gure musu goxo eta besarkadarik beroena bidali gabe. Gora zuek!