Amaia Andreu eta Koldo Callado UPV/EHUko Euskal Herrirako Unibertsitatea Gure Helmuga-ko kideak
UPV-EHUk: aurrera begiratu, ez atzera
Gure helmuga Euskal Herriaren beharrak aintzat hartuko dituen unibertsitate eredua da, bestelako eredu hori defendatu eta eztabaidaren erdian kokatuz
Euskal Herrirako Unibertsitatea Gure Helmuga plataforma eratzean, unibertsitate ereduaren inguruko eztabaida sortu nahi genuen. Egia esan, hauteskunde kanpainan apenas izan da eztabaida, hautagai bakarra izateak hori baino Juan Ignacio Perezen agintaldiaren inguruko erreferendum bihurtu baita.
Unibertsitate ereduen arteko talka izan bada UPV/EHUn, baina eredu atzerakoia defendatzen dutenek, katedradunen botere-gunea mantendu nahi dutenek, euskararen kontrakoek, irudi laboral iraunkorren aukera baztertzen dutenek, denak berak, ez zuten hautagairik aurkeztu hauteskundeotan. Eredu ezberdinak alderatu baino ezetza bultzatu zuten, jakinda ezetzaren barruan iritzi ezberdinak batuko zirela. Hori gertatu zen maiatzaren 22an: arrazoi ezberdinengatik ezetzak irabazi zuen. Horrek ez du esan nahi ezetz horiek guztiek bat egiten dutenik unibertsitate ereduan. Bestela, zergatik ez zuten garaian aurkeztu hautagairik?
Gure helmuga Euskal Herriaren beharrak aintzat hartuko dituen unibertsitate eredua da, bestelako eredu hori defendatu eta eztabaidaren erdian kokatuz. Sinetsita gaude UPV/EHUn asko garela eredu horren alde ari garenok eta joan diren hauteskundeetan ere asko izan garela unibertsitateak bizi duen eraldaketa garaian norabide berrian sakondu nahi izan dugunok.
Jadanik abian dira berriro hauteskundeak, eta orain dela hilabete ez bezala, hautagai bat baino gehiago izango dela espero da. Gure ustez, hautagaiak baino askoz inportanteagoa da defendatzen dutena. Ezezkoa bultzatu zuten katedradunek argi utzi zuten eurena: unibertsitate zaharkitua, Europara baino Madrilera begirakoa, euskararen aurkakoa, unibertsitate autonomiaren izenean funtzionario doktoreen gotorlekua mantentzen duena...
Eztabaida zaharrak nahi dituzte berriro piztu, hala nola «kalitatea versus hizkuntza» dilema faltsua. Unibertsitateko irakasleentzako sarbidea bera da euskaldun izan zein erdaldun, baina euskaldunoi plus bat eskatzen zaigu: karrera akademikoaz gain, irakaskuntzako materiala euskaraz prestatzea, askotan hizkuntza teknikoa bera sortu beharra... Eta aparteko lan hori kontuan hartu baino «ate faltsutik» sartzen garen gezurra zabaltzen dute euskararen kontrakoek, orain arte eurek bakarrik betetako botere-guneak mehatxupean ikustean. Aspaldidanik entzun gabeko «sobredosis y fundamentalismo lingüístico» moduko mamuak berriro entzun ditugu, Euskararen Plan Gidaria Gobernu Kontseiluan adostasun handiz onartua izan arren.
Ezetzaren aldeko sinatzaileen artean izan zen Marisol Esteban, errektoregai ageri da orain CCOO sindikatuaren babesarekin, UPV/EHUren gobernagarritasun eta egonkortasunerako aukera erreal bakar gisa. Horrela, ezetzaren potentziala eskuratu nahi dute beren proiekturako. 2004ko hauteskundeetan bezala errektoretza kontrolatu ezin izatearen beldur dira. Haiek izan dira 30 urtez UPV/EHU kontrolpean izaten saiatu direnak. Beldur dira gauzak aldatzen ari direlako: irakasle irudi laboral iraunkorren garapenak funtzionario doktoreen nagusitasuna kolokan jartzen duelako, gero eta ezinezkoagoa delako hizkuntz eskubideak eta kalitatea kontrajartzea, unibertsitatearen autonomia kasta batzuen interesen arabera erabili ezin dutelako, UPV/EHUko sektore askok gure herrian errotuta izango den unibertsitate sendoa eraiki nahi dugulako...
Abenduaren 4an izango dira berriro hauteskundeak; asko falta da baina plazaratzen ari diren proposamenak ikusita, Euskal Herrirako Unibertsitatea Gure Helmuga plataformatik oso argi dugu UPV/EHUn ez dugula eredu zaharkitu berriztaturik behar. Aldiz, maiatzaren 22an izandako ezezko eta abstentzioaren arrazoi ezberdinetatik abiatuta, konpondu beharreko arazoei aurre eginez, gure agirian plazaratutako aldarrikapenei bidea irekiko dien proiektu zabala landu behar dugulakoan gaude.
Zabala, unibertsitateko sektore ezberdinak kontuan hartu behar direlako. Hortaz, azterketa berezia merezi du funtzionario doktore ez diren irakasleen abstentzio handiak, baita ikasleenak ere (% 97). Aurrera begira landu nahi dugun unibertsitate ereduan, ezinbestekoa izango da ikasleen iritzia entzutea eta beraien parte-hartzea bideratzea.
Zabala, euskararen normalkuntzan aurrera egitea, Euskal Herriko unibertsitateen sareari ateak irekitzea, pertsona guztien eta herri gisa dagozkigun eskubide guztien aldeko eragilea izatea, unibertsitatearen merkantilizazioari aurka egitea, eta oinarrizko ikerkuntza bultzatzea, elkarlana sustatzea eta unibertsitario guztien partaidetza aktiboa bideratuko duen unibertsitatea garatzea ahalbideratuko duelako.
Konbentzituta gaude zabaldu berri den hauteskunde prozesuan, seguru asko plebiszitu baten aurrean izango ez garenez, aukera askoz garbiagoak izango ditugula proiektuak eztabaidatzeko. Eta horretan frogatuko dugu proiektu zaharkitu eta atzerakoien aurrean Euskal Herrirako bestelako unibertsitatearen aldeko urratsak emateko gai garela. Seguru gaude horretan dela UPV/EHUko irakasle eta AZPkoen gehiengoa, ikasleekin batera. Hortxe dela oraingo unibertsitatearen gehiengoa eta etorkizuna, beldurrik gabe. UPV/EHUk aurrera begiratu behar du, eta ez atzera. Horretan jardungo dugu arduratsu.