1.516 enpresa eta 20.000 lagun Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lanean
Bai Euskarari ziurtagiria kudeatzen duen elkarteak positiboki baloratu du ekimenak izan duen ibilbidea, jada 1.500 entitatek baino gehiagok eskuratu baitute ziurtagiria. Aurrera begira kopuru hori handitzea espero dute; horren erakusle, abian jarri asmo duten plangintzarekin 2012rako beste hainbeste ziurtagiri banatu nahi dituzte. Etzi orain artean batu zaizkien enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen konpromisoa aitortzeko ekitaldia egingo dute Donostian.
Maider EIZMENDI |
Orain zortzi urte Euskara Elkarteen Kontseiluak abian jarritako Bai Euskarari Ziurtagiriarekin 1.516 enpresa eta 20.000 lagun baino gehiago ari dira lanean egun. Arduradunek nabarmendu dutenez, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzea eragiten duen proiektu estrategikoa da indarrean dena, «profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena».
Iazko ekainean ekimenaren kudeaketaz arduratzeko Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen eta atzo bere zuzendariak, Rober Gutierrezek, agerraldia egin zuen egindako ibilbidearen eta datozen lau urteotarako zehaztu duten plangintzaren berri emateko. Arritxu Zelaia Ziurtagiriaren Elkarteko presidenteak eta Xabier Mendiguren eta Mikel Arrizabalaga elkarteko bokalek ere hartu zuen parte aurkezpenean.
Gutierrezek aditzera eman zuenez, iaz eratutako Ziurtagiriaren Elkartearekin ekimenaren gestioa «optimizatu» nahi izan dute. Bide horretan, azken hilabeteetan datozen urteotako oinarriak finkatu dituzte: «Ziurtagiriaren diagnostikoa egin dugu eta horretan oinarrituta datozen lau urteotarako erronka nagusiak zehazten dituen estrategia plana diseinatu dugu». Plana hiru ardatz zehatzetan oinarritzen da: Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena areagotzea, Euskal Herrian erreferente izatea eta pertsonen gogobetetze maila areagotzea.
Aurrera begira, 2012. urterako Ziurtagiria beste 1.500 entitatek baino gehiagok lortuko dutela aurreikusi dute. Hori lortzeko plan bat diseinatzen ari dira «industria poligono zein teknologia nahiz kultur parke eta antzekoetan hedatzen joateko». Baina, aldi berean, etengabeko hobekuntza sustatzeko, entitateen hizkuntza egoera hobetzen laguntzeko tresna eta baliabideak emateko, eta itzartutako zerbitzua profesionaltasunez emateko konpromisoa hartu zuten.
Aitortza ekitaldia
Jakinarazi zutenez, Ziurtagiria eskuratu duten entitate gehienak, 1.116 hain zuzen ere, merkataritza eta ostalaritza sektorekoak, edo kultura, gizarte mugimenduak eta kirola arlokoak dira. Hala ere, beste arlo batzuetako entitate ugarik ere lortu dute Ziurtagiria: industria (194), hezkuntza (289), zerbitzuak eta finantzak (310), lehen sektorea (36), eta administrazioak eta alderdi politikoak (17).
Agerraldi berean, etzi Donostiako Kursaal jauregian egingo duten ekitaldiaren berri ere eman zuten. Bertan, Ziurtagiria lortu duten entitate guztiek aitortza jasoko dute. «Euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu duten erantzukizuna eskertu eta euren ahalegina aitortuko diegu», nabarmendu zuen Zelaiak. Entitate guztiek Remigio Mendibururen artelan bat jasoko dute.
Datozen urteotako lana hiru ardatzetan oinarritu dute: Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena areagotzea, Euskal Herrian erreferente izatea eta pertsonen gogobetetze maila handitzea.
Industria poligono zein teknologia nahiz kultur parkeetan hedatuko duten estrategia ari dira garatzen, horietan Ziurtagiriaren hedapena handitzeko asmoarekin.