GARA > Idatzia > Ikusmira

Mozorro juridikoa jantzi nahi diote amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiari

Madrilgo Casa de Campon egiten ari den amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketan, fiskaltzak bere ondorioak aurkeztu zituen atzo. Orain arte tribunalak erakutsi duen larderia gutxi balitz, atzo Auzitegi Nazionaleko fiskala epaituek etengabe salatu duten izaera politikoa ukatzen ahalegindu zen. Horretarako amarru paregabea bururatu zitzaion: zuzenbidean akusazioak eta, ondorioz, kondenak, pertsona zehatzen aurkakoak eta delitu zehatzengatik izatea derrigorrezkoa dela jakitun, Carlos Bautista fiskalak epaituetatik hirurentzat kartzela eskaerak 10 urtetik 13 urtera gogortzea eskatu zuen. Gainera, «oreka» bilatzeko, beste hiru epaituen kontrako karguak bertan behera utzi zituen.

Baina legeek, epaiek, epaileek eta zuzenbidearekin harremana duten egitura orok, justizia izan behar dute jomuga. Bestela ez direlako zuzenbide. Epaiketa honen atzean, ordea, mendeku gosea eta arerioa suntsitzeko gogoa besterik ez dago. Epaiketa honen funtsa, aurreko beste askorena bezala, euskal herritarrak beraien ideologiagatik eta jarduera politikoagatik zigortzea besterik ez da. Eta, mozorroak mozorro, hori epaiketa politiko baten definizioa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo