Harri-zulatzea Euskal Herriko Liga
Trapagaranek jardunaldia eta sailkapeneko lehen postua eskuratu ditu
Bizkaitarrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, eta uneotan puntu bateko aldea kentzen diete Jaizubiari eta Aldai Alderi. Hiruen artean dago txapela
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Trapagaranek Euskal Ligako hirugarren jardunaldia irabazi zuen, eta horrekin batera sailkapeneko lehen postuan kokatu da. Hori bai, Jaizubia eta Aldai Alde puntu bakar batera ditu talde bizkaitarrak.
Jardunaldi honetan bi gauza nabarmendu behar dira. Alde batetik, irabazleek erakutsitako nagusitasuna, zulo bateko aldea kendu baitzieten beren aurkariei. Bestetik, garbi geratu da txapela lehen hiruren artean erabakiko dela, beste guztiak oso atzean geratu baitira.
Trapagaran hirugarren izan zen lehen jardunaldian, baina ordutik jokatu diren biak irabazi egin ditu, eta txapela janzteko hautagai nagusia dela erakutsi du. Hala ere, oraindik jardunaldi asko geratzen direla kontuan izan behar da. Larunbatean dena ongi egin eta Jaizubiari zulo bateko aldea kendu zion.
Hondarribiko taldea izan zen bigarren, eta, egia esan, Jaizubiakoak postu horretara ohitzen ere hasi dira, orain arteko hiru saioetan hortxe amaitu baitute. Aldai Alde izan zen hirugarren, oso indartsu hasi baziren ere atzera egin baitzuten; horrenbestez, amaieran, ia bi zulo atzetik amaitu zuten.
Jardunaldiko ezusterik kaskarrena Burdin Gazteak taldeak eman zuen. Ortuellako taldeak Ligari hasiera ezin hobea eman zion, baina azkeneko jardunaldi honetan azken bigarren amaitu zuen, lehenengoarengandik bost zulora. Ondorioz, Ortuellako taldeak txapela lortzeko izan zitzakeen aukerak bertan behera geratu dira ia.
Trapagaran izan zen onena hirugarren jardunaldian, 17 zulo eta 9 zentimetro zulatuta. Bigarren Jaizubia izan zen, 16 zulo eta 3,8 zentimetrorekin; hirugarren Aldai Alde, 15 zulo eta 0,3 zentimetrorekin; laugarren Gallarta sailkatu zen 14 zulo eta 4,3 zentimetrorekin; bosgarren Kabiezes izan zen 13 zulo eta 9,5 zentimetrorekin; seigaren Txoriherri sailkatu zen, 13 zulo eta 4,5 zentimetro zulatuta; zazpigarren La Arboleda izan zen 13 zulo eta 5 zentimetrorekin; zortzigarren Burdin Gazteak 12 zulo eta 4,7 zentimetrorekin, eta azkena Errekatxo 10 zulo eta 6,5 zentimetrorekin. Sailkapen nagusian, Trapagaran doa lehen postuan 24 punturekin, eta bigarren Jaizubia eta Aldai Alde daude 23 punturekin.
Goiherri
Sokatiran, Goiherrik esku-eskura dauka 640 kiloko txapela. Bigarren jardunaldian ere erabateko nagusitasuna erakutsi zuen lehen jardunaldian egin bezalaxe, eta mirari bat gertatu beharko litzateke berdeek txapela ez lortzeko.
Larunbateko jardunaldian Goiherrik ez zuen aurkaririk izan, eta jokatutako tiraldi guztietan erabateko nagusitasuna erakutsi zuen.
Bigarren posturako lehia handia izan zen, eta berdinduta geratu ziren Gaztedi eta Mutriku. Goiherrirekin galdu egin zuten, Areso, Goiherri B eta Getxo menderatu zituzten, eta elkarrekin berdindu egin zuten.
Laugarren posturako ere borroka handia izan zen Areso eta Goiherri B taldeen artean. Aurrekoekin galdu egin zituzten tiraldi guztiak, Getxori biak erraz irabazi zizkioten, eta elkarren artean berdindu egin zuten, bakoitzak tiraldi bat bereganatuta.
Azkeneko postuan, berriz, Getxo geratu zen. Bizkaitarrek ezin izan zuten ezer egin, eta jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituzten.
Bi jardunaldi jokatuta, Goiherri doa lehen postuan 12 punturekin. Bigarren, berriz, Gaztedi geratu da 9,5 punturekin, eta hirugarren Mutriku 8,5 punturekin. Horrenbestez, Goiherrik esku-eskura dauka txapela, eta orain artekoa ikusita, mirari bat beharko da horrela gerta ez dadin. Laugarren postuan Areso dago 5,5 punturekin, bosgarren Goiherri B dago 4,5 punturekin, eta azken postuan geratzen da Getxo 2 punturekin. Beste jardunaldi bat geratzen da 640 kiloko txapelketa amaitzeko.