GARA > Idatzia > Txirrindularitza

SUITZAKO ITZULIA Hirugarren etapa

Etapa McEwenentzat eta Antonek lider jarraitzen du

Galdakoztarra adi ibili zen une erabakigarrienetan eta ez zuen arazorik izan helmugan maillot horiari eusteko. Esprintean, australiarra izan zen nagusi

GARA | SUITZA

Suitzako Itzuliko hirugarren etaparen ondoren, Igor Antonek jarraitzen du sailkapen nagusiaren buru. Hori da euskal zaletuentzako berri nagusia. Lasterketako beste albiste nagusia, aldiz, etapa Robbie McEwen beteranoak irabazi zuela izan zen. Silence-Lotto taldeko txirrindulari australiarrak Rabobank taldeko Óscar Freire espainiarrari aurrea hartuz lortu zuen denboraldiko bigarren garaipena Gossauko helmugan.

Euriak eta hotzak eguna erabat markatu zuten. Aurreikusita zegoen gisa, ihesaldi bat izan zen jardunaldiko protagonista. Bertan, Hervé Duclos-Lassalle (Cofidis), René Weissinger (Volksbank) eta Jeffry Louder (BMC) izan ziren. Iheslariak sei minutuko aldea izatera ere iritsi ziren, baina Euskaltelek eta esprinterren taldeek ez zieten urrunago joaten utzi.

Talde handiek iheslariak harrapatu ostean, bost kilometroren faltan Caisse d'Epargneko José Iván Gutiérrez kantabriarra eta Philippe Gilbert belgikarra tropelaren batasuna hausten saiatu ziren, baina alferrik izan zen. Hala, ezerk ez zuen esprinta ekidin eta bertan Robbie McEwen australiarra izan zen azkarrena Óscar Freire eta High Road etxeko Gerald Cioleken alemaniarraren aurretik.

Sailkapen orokorrari begira, Igor Anton oso adi egon zen etapa osoan zehar eta helmugan ez zuen arazorik izan maillot horia mantentzeko. Bizkaitarrak sei segundoko aldea du Kim Kirchenekiko eta hamabikoa hirugarren sailkatutako Damiano Cunego italiarrarekiko.

Gaur, Suitzako Itzuliko laugarren etaparen txanda da. Txirrindulariek 171 kilometro burutu beharko dituzte Gossau eta Domat-Ems arteko distantzia egiteko.

Izen aldaketa High Road taldean

High Road talde estatubatuarrak izena aldatuko du, aurrerantzean Columbia arropa etxe ezaguna izango baita bere babesle nagusia. Horrenbestez, aurtengo Tourrean Team Columbia izenarekin hartuko du parte taldeak.

Frantziako lasterketan izango ez dena Tom Boonen belgikarra da. Izan ere, iazko erregulartasunaren sailkapeneko irabazleari aurtengo lasterketan parte hartzea debekatzea erabaki du antolakuntzak kokaina hartzegatik positibo emateagatik. Tourreko antolatzaileak Quick Stepeko arduradunekin bildu ziren atzo eta Boonenen taldeak ez du arazorik izango lasterketan izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo