Lau gizonezko atxilotu dituzte Bizkaian tratu txarrak egotzita
29, 30 eta 35 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten igandean eta atzo Bilbon, bikotekideei tratu txarrak ematea leporatuta. Igandean, 23 urteko beste gazte bat eraman zuten gatibu Sestaon, bikote-lagun ohia labanarekin erasotzea egotzita. Eta Irunen, 38 urteko gizon bat atxilotu zuten ustez askatasun sexualaren kontrako delitu bat egin zuelako. Hotel bateko telefono publikoan hitz egiten ari zen emakume bati ukituak egin zizkiola jakinarazi zuen Lakuak.
GARA |
Lakuako Barne Sailak Bizkaian egindako lau atxiloketaren berri eman zuen atzo. Horietako hiru hiriburuan gertatu ziren, eta bikotekideei tratu txarrak ematea egotzita hartu zituzten gatibu gizonezkoak.
Igande goizeko zortziak aldera, Maiatzaren 2a kaleko etxebizitza batera joateko eskatu zioten Ertzaintzari. Senarra, VM.A.M., edanda etxeratu eta erasoka hasi zela azaldu zien emakumeak poliziakideei. Kristalezko edalontzi batekin buruan kolpatuta lortu zuen emakumezkoak ihes egitea eta laguntza eskatzea. Gizonak tratu txarrak eman ohi zizkiola kontatu zuen, eta, ertzainak joatean, berriz kolpatuko zuela gaineratu zuen. Gizonezkoak hilko zuela egin zion mehatxu emazteari poliziakideen aurrean. Gainera, haietako baten kontra oldartu zen.
Bigarren kasua geroxeago gertatu zen, goizeko zortziak eta laurdenean, Egaña kaleko etxe batean. Bizilagun baten deiaren ondotik bertaratu ziren ertzainak, eta gizonezko bat, J.S.L, eta emakumezko bat ikusi zituzten. Emakumeak azaldu zienez, etxera iritsitakoan bikotekideak gorputz osoan eta buruan kolpatu zuen ukabil itxiekin. Hainbat zauri zituen odol arrastoekin, eta hematomak aurpegian, buruan eta esku batean. Basurtuko erietxera eraman behar izan zuten.
Kale erdian
Atzo goizaldeko laurak pasata ziren Ertzaintzak Larrakoetxe kalean hirugarren gizon bat atxilotu zuenean: K.M., 30 urtekoa. Antza denez, eztabaida baten ondotik, bikote-lagunari eraso egin zion. Emakumea ospitalera eraman zuten zauriak sendatzeko.
Bizkaiko laugarren kasua Sestaon izan zen, igande goizeko hamaika eta erdiak inguruan. Ertzaintzak 23 urteko mutil bat, L.I.R., atxilotu zuen bikote-lagun izandakoari kalearen erdian laban batekin bizkarrean eraso egitea egotzita. Polizia autonomikoak adierazi zuenez, San Pedro Plazatik hurbil dagoen kale batean izan zen. Biktimak ertzainei azaldu zienez, eztabaida izan zuten, eta ondoren gizonak eraso egin zion armarekin. Emakumeak zauri bat zuen bizkarrean, eta herriko anbulatorioan artatu zuten. Erasotzaileak ihes egin zuen, baina 12.45ean harrapatu zuten Blasco Ibañez kaletik gertu.
Irunen ere izan zen atxiloketarik. 38 urteko gizonezko bat atzeman zuten askatasun sexualaren kontrako delitu bat leporatuta. Lakuako Barne Sailak azaldu zuenez, igande arratsaldean gertatu zen, 17.30ean. Hotel batetik hots egin zioten Ertzaintzari. Badirudi biktima telefono publiko batean solasean ari zela, eta gizonak atzetik hurbildu eta ukituak egin zizkiola. Emakumeak erasotzailea bultzatu zuen, eta honek zaplazteko bat eman zion. Jarraian, neska gaztea lasterka atera zen senarrari abisatzera.
Ertzainek erasotzailea bilatzeari ekin zioten hotel barrenean, eta aurkitu zutenean gatibu eraman zuten. Atxilotutako gaztea epailearen esku utzi zuten atzo goizean, polizia izapideak bukatu eta gero.
Lakuak adierazi zuenez, lehenbiziko kasuan, Bilboko Maiatzaren 2a kalean, emakumea oso beldurtuta zegoen eta senarrak tratu txarrak eman ohi zizkiola kontatu zien ertzainei. Poliziakideak bertan zirela, hil egingo zuela egin zion mehatxu.
Sestaon, 23 urteko gazte bat atxilotu zuten bikote-lagun ohiari bizkarretik eraso egin izana egotzita. San Pedro plazatik hurbil dagoen kale batean izan zen. Emakumeak zauri bat zuen bizkarrean, eta herriko erietxean artatu zuten.
Gizonezko bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Estatu espainolean, Valladoliden hain zuzen, ustez autoarekin bikote-lagun ohiaren ibilgailuaren kontra oldartu zelako. Gainera, antza denez, emakumea autotik aterarazten saiatu zen, lepotik helduta, eta kolpatu egin zuen, bikotekide ohiarekin zihoan laguna bezala. Tordesillasen izan zen. Biktimak gertatutakoa salatu zuen eta aurpegian kolpeak jaso zituela adierazi zuen, Guardia Zibilak atzo jakinarazi zuenez.
Emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzi zioten gizonezkoari. Tordesillasko Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta bera arduratzen ari da izapideez eta gizona epaileen esku uzteaz.
GARA