Maite Ubiria Kazetaria
Erregai depositutik baino haratago...
Gobernu buruek opari pozoindua utzi diote Europako Legebiltzarrari. Segurtasun eta askatasunaren arteko lehia. Buruz buru, beste behin, ahaldunen indarra eta indarrik ez dutenak. Estrasburgoko Ganbarak garrantzi handiko dosierra du esku artean. Bere erronka ezbaika faltsuari irteera justua bilatzea, berdintasuna ardatz izanen duen hautua eginez.
Gaurko eztabaida ez da edonolakoa. Estatu buruek jauzi lazgarria eman dute. Ez aitzinera joateko, garai ilunetara itzultzeko baizik. Legebiltzarkideei dagokie duintasunez erantzutea.
Kartzela amaigabea, barka, internamendu zentro erraldoia, bilakatu nahi dute Europa. Batasunaren ametsa zorigaiztoko asmakeria bilakatuz. Helduak zein umeak, ziegatan sartu nahi dituzte, 18 hilabete luze arte, jatorrizko herrialdeetara -eta gerrara, eta gose gorrira...- noiz kanporatuko dituzten zain. Berme guztiekin, noski. EBko labela eta zigiluaz baliatuz.
Era berean, metropolietako buruzagiek, bere aukera egingo dute: gustukoak dituztenak jasotzeko prest dira, baina esklabutzaren aroko ohiturak berreskuratuz; sendoenak hartu eta gainerakoak bazterrera botatzeko eskuak libre izan nahi dituzte. Mespretxua parra-parra banatzen duten esku zikinak.
Medikuak, ingeniariak, honendako edo harendako beharginak... Horiek, bai, etor daitezen: kuoten bitartez, naziotasun azterketen bidez, odol frogak gainditu ondoren... Europak dituen nahietara moldatu behar dira herrialde txiroak. Behingoz jabe daitezen bere funtsezko balioa hori dela, wana modernoek nahi dituzten pertsonak ekoiztea. Kaperaz jositako Europak selekzio (ez) naturalaren aginduari men egiten dio.
Ezker zein eskuin, aldarte oneko zein begirada zorrotzeko agintariek, Zapaterok eta Sarkozyk, biek ala biek, etorkinen ehiza zorroztuko duen araua onartu dute. Hiritar apalek soilik altxatu dute ahotsa, kontzentrazio eremutik gertu bizi eta beste aldera begiratu ez dugula nahi esateko. Gizarte aberatsak, zuk eta nik osatzen dugunak alegia, autoko erregai depositutik baino haratago begiratzeko gaitasunik ez duela galdu errateko. Legebiltzarkideen begirada noraino helduko da?