GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Lehiaketak

Euskal enbaxadoreak Munduko Koparako prest

Egungo nazioarteko zirkuituko irabazlea, Patxi Usobiaga, hirugarren txapelaren bila joango da. Irati Andak, berriz, asmo politak ditu, baina lesio batetik erabat osatu behar du.

 
Patxi Usobiaga | Eskalatzailea
 
«Ez dut inolako presiorik. Nik uste dut egin beharrekoa egin dudala»

Andoni Arabaolaza | DONOSTIA

Bederatzi egun besterik ez dira falta Munduko Kopa hasteko. Zazpi proba izango ditu aurten, eta Patxi Usobiaga dagoeneko irrikan dago lehenbizikoari, Txinan jokatuko denari, ekiteko.

Aurtengo nazioarteko zailtasuneko lehiaketaren denboraldia nahiko ez ohikoa da. Batetik, sei hilabete eman dituzue lehiatu gabe; eta, bestetik, Nazioarteko Kirol Eskalada Federazioak hainbat arau berri sartu ditu. Hori guztia ikusita, aurreko denboraldiekin alderatuta, plan guztiak aldatu behar izan dituzu.

Aldaketa batzuk baino ez dira; besterik ez. Gauza da lehen denboraldiak etena izan duenez, bada entrenamenduen plangintza beste era batera antolatu behar izan dudala. Hala ere, uste dut lehenengo probarekin hasi eta egoera guztia aldatuko dela. Hori bai, gogo handia dut martxan jartzeko. Bestalde, Munduko Kopako hitzorduak hasi, pare bat jokatu eta berriro ere beste eten bat izango dugu. Aitortu behar dizut nahiago dudala bata bestearen atzetik izatea, baina hala antolatu dute eta horretara egokitu behar duzu. Entrenamenduen nondik norakoei dagokienez, egia esan behar badizut, ez dut ia ezer aldatu. Iazkoaren tankerakoa izan da. Sei hilabeteko etena izan da eta, hasteko irrikan banago ere, ez zait luzeegia egin.

Denboraldiaren egutegia ikusita, urte hasieran aipatu zenuen beste urte batzuetan ez bezala harkaitzari emateko denbora gehiago izango zenuela. Ibili zara han eta hemen, baina ohituta gauden kateatze adierazgarri horiek ez ditugu ia ikusi.

Jakin badakizu helburu batzuk jarri behar dituzula, eta horien artean batzuek dute lehentasuna. Nire helburu nagusia lehiaketetan jarrita daukadanez, nahiz eta harkaitzean asko eskalatu dudan, ezin izan dut den-dena eman. Beste modu batera esanda, galga jarrita jardun dut. Begiratu batean egindako makina bat 8b egin ditut; landuetan, berriz, 8c, 8c+, 9a bat... Hamar egunez Frankenjuran izan naiz, baina Aste Santutik hona ezer gutxi eskalatu dut: eguraldiak ez du batere lagundu! Baltzolako proiektua oraindik hor dago. Nahiko ondo neukanean, euria hasi eta den-dena bustita geratu da. Ondoren, entrenamenduetara itzuli behar nuen... eta horrela ezin da zailtasun handiko proiektu bat era egokian landu.

Aipatu duzu Frankenjuran (Alemania) izan zinela. Jakin badakit, munduko lehenengo 9a, Action Directe bide mitikoa, probatu duzula. Haatik, ez duzu etxera ekarri.

Probatu egin nuen, baina, hemen bezala, han ere euria izan genuen. Polita da eta nahiko puntuan neukan, baina etxera itzuli aurreko azken egunean bustia zegoen. Eta, lehen aurreratu dizudan bezala, galga jarrita jardun dut. Bide horretan kontu handiz ibili behar duzu min ez hartzeko.

Hilaren amaieran, Munduko Kopako lehenengo proba jokatu behar duzu Txinan. Bai fisikoki bai buruz %100ean al zaude?

Hori erabat baieztatzea oso zaila da; izan ere, oraindik ez naiz benetan lehiatu. Sasoiko nagoela ezin dut ukatu, sentsazio politak ditut... Ikusiko dugu lehenengo hitzordua nola ateratzen den.

Munduko Kopa bi aldiz jarraian irabazi duzu. Beti garaipen gosez zabiltza, baina hirugarren bat irabazteak tentsio puntu bat ez al dizu kentzen? Presionatua, bederen, ez zara egongo, ezta?

Ez dut inolako presiorik. Nik uste dut egin beharrekoa egin dudala, bi Munduko Kopa irabaztea ez baita txantxetakoa. Beste bat irabazten dudala? Bada, primeran. Jakina, hirugarrena irabaztera irtengo naiz.

Aurten zure helburuen artean Europako Txapelketa ere baduzu. Duela bi urteko arantza kendu beharko duzu, ezta?

Saiatuko naiz. Alabaina, Munduko Kopak gehiago erakartzen nau. Jakina, txapel hori ez dut, baina, honetan ere, ez dut batere presiorik. Beste proba bat da.

Beste aldaketa probetan etorri da. Sailkapenak flash eran jokatuko dira, eta finalei denbora kendu diete.

Sailkapenenak berdin dit, baina finaleko minutu falta horiek... Horrek esan nahi du, besteak beste, bideak motzagoak izango direla eta estiloak ere aldatuko direla. Niretzat ez da oso egokia erresistentzia luzeko eskalatzailea naizelako, baina beste erronka bat da eta dena ematera aterako naiz.

Diman soilik lehiatu zara eta ez zintugun oso gustura ikusi.

Hala da. Ez nengoen oso motibatua, eta hori igartzen da. Burua ez neukan bere tokian, eta onartu behar dut nire errua izan zela.

Nola ikusten duzu Irati?

Lesioarekin ez dago batere pozik. Ez du memento onena, eta pena da, batez ere kontuan hartuz gero oso urte hasiera ona izan zuela. Harkaitzean 8a piloa egin zuen begirada batean, baina, ondoren, Frankenjuran min hartu zuen. Irailerako erabat osatzen bada, Irati handi bat ikusiko dugu.

Irati Anda | Eskalatzailea

«Denboraldiaren hasiera baldintzatzen ari da lesioa»
Pena da, baina eliteko kirolariei ere gertatzen zaie. Lesio bat tarteko, Irati Andak ez daki Munduko Kopako lehenengo proban izango den.

Munduko Kopa hastear dago, baina duzun lesioarekin...
Egia esanda, ez nago une gozoan. Nahi eta ezin, izenburu hori jarriko nioke igarotzen ari naizen egoerari. Luze egin zait etenaldia, baina hori gutxienekoa izaten ari da. Ez dakit lehenengo proban izango naizen. Harkaitzean oso gustura jardun naiz, baina jakin badakizu nire helburua Munduko Kopa dela.

Frankenjurara egindako bisitarekin ondo baino hobeto gogoratuko zara.
Hala da. Han lesionatu nintzen; duela hilabete eta erdiko kontua da. Eskumuturrean min hartu eta indar guztia galdu nuen. Gainkarga modukoa izan omen da. Espainiako Kopako lehenengo proba eta Dimakoa galdu nituen, eta ziur asko Txinakoa ere galduko dut. Une honetan ezin dut indar askorik egin. Asko entrenatzen ari naiz, batez ere bolumena, baina ezin dut dena eman. Oso gogorra izaten ari da eta ez nago batere pozik.

Lesio horrek plangintza hankaz gora jarri dizu. Pena handia izan da, oso hasiera ona izan zenuelako.
Gogotsu hasi nuen urtea, batez ere harkaitzean eskalatzen. Aste Santurako sasoiko nengoen, indartsu, baina lesioarengatik dena irauli egin da. Hala ere, Patxi bezala, galga jarrita jardun naiz, geure helburua nazioarteko zirkuitua baita. Ondoren, oso eguraldi txarra izan dugu bai Euskal Herrian bai gure ingurumarian eta horren ondorioz harkaitzean ezer gutxi egiteko aukera izan dut. Hori dela-eta, azken bolada honetan panelean sartuta ibili naiz.

Hala ere, denbora duzu aurretik erabat osatzeko. Izan ere, Txinako probaren ostean, uztailean beste bat duzu eta, ondoren, etenaldia irailera arte. Iraila eta azaroa arteko epe horretan izango dituzu, berriz, gainerako bost lehiak. Gainera, gogoratu behar da iaz irailetik aurrera benetako iraultza egin zenuela.
Horixe da. Lesioak zirkuitua beste era batera ikustera behartu nau. Uda aurretik oneratzeko ilusioa nuen, baina ez dirudi guztiz osatuko naizenik. Horrela bada, ikusteko dago zuk aipatu dituzun bi proba horietan parte hartzeko aukera dudan. Azken bostetan sasoiko banago, uste dut amaiera ona egin dezakedala. Gainera, bost hitzordu horiek ia segidan edukitzeak asko motibatzen nau. Baina ezin dut gauza gehiegirik aurreratu; garrantzitsuena lasai hartzea da eta lesioa guztiz osatzea.

Probetan izango diren aldaketez, zer erantzungo didazu?
Bada, aldaketa handia dela. Nik uste dut, ditugun ezaugarriak kontuan hartuta, emakumezkoak galtzen aterako garela. Hori dela-eta, bideen prestatzaileei neskon ezaugarriak kontuan har ditzatela eskatuko nieke. Ikuskizuna eskaini nahi da; horrekin ados nago, baina betiere gauzak ondo egiten badira eta eskalatzaileok galtzen ez badugu. Hala ere, aldaketok ez naute izutzen; are gehiago, esango nizuke pizgarri ederra direla. Iaz, adibidez, Avilesko Munduko Txapelketan denbora hartu zuten kontuan. Arau berri horietara egokitu beharko dugu.

Aitortu behar dizut iaz denok zur eta lur utzi gintuzula Munduko Kopan zein Txapelketan egindakoarekin. Goi mailako bosgarren postu bana eta podiumak erdietsi zenituen. Dagoeneko zure lehiakideek ondo baino hobeto dakite nor den Irati Anda. Ez dakit zaila izango den hain urte bikaina errepikatzea, baina pentsatzen dut ez zarela atzean geratuko.
Zoritxarrez, zirkuituaren hasierari galdera ikurra jarri behar diot. Asmo politak ditut, baina, lesioa tarteko, ez dakit nola erantzungo dudan. Beti bezala, proba bakoitzean dena ematera irtengo naiz eta, neure buruarekin gustura geratzen banaiz, uste dut helburua beteko dudala. Hitzorduetan buru-belarri sartu, erritmoa hartu... hori da falta zaidana.

Zure lehiakideen sasoiaz berririk ba al duzu?
Ni bezala, egungo Munduko Kopako irabazlea, Maja Vidmar, lesionatuta dago. Osatzen bada, lasai asko eman dezake iazko maila. Ohiko faboritoak ere aurreko lehian izango dira, eta bi gazteren agerraldi indartsua aipatu nahi nuke. Charlotte Durif frantziarra, adibidez, sendo baino sendoago ari da harkaitzean; gauza handiak egiten. Eta ez nuke ahaztu nahi 16 urteko austriar bat: Katharina Posch. Jubeniletan, bederen, bera da erregina.

Azkenik, nola ikusten duzu Patxi?
Burua bere lekuan du, oso zentratua dago eta hasteko gogo handiz. Hori bai, saltsan sartu behar du benetako motibazioa eta erritmoa hartzeko. A. A.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo