Bruño ahizpak «estortsioaren eta Justiziaren biktima» direla salatu du aitak
Maider EIZMENDI |
Iragan astean Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu eta kartzelaratu zituzten Maribel eta Blanca Bruñoren aitak, Andres Bruñok, agerraldia egin zuen atzo Orioko udaletxean bere alaba Mirenekin batera.
«Lur jota dagoen aita baten gutuna» izenburua jarri zion makina bat kazetariren aurrean emozioak jota irakurri zuen testuari. Agerian utzi nahi izan zuen bere alabak, «Blanca eta Maribel, lehenengo eta behin estortsio-saio baten biktima direla, eta, bigarrenik, Justiziarenak».
Jakinarazi zuen azken 28 urteotan «era guztietako estortsioak eta presioak» sufritu behar izan dituela. «Estortsio horien lehen aipamen idatzia Usurbilgo udalbatzak 1980ko irailaren 18an hartu zuen erabaki baten aktan agertzen da; garai hartan, Usurbilgo alkate nintzen ni neu, EAJ alderditik». «Orain, 28 urte pasa eta gero, berriro agertu behar jende aurrean, beste tortura hau salatzera. Nolakoa den bizitza!», nabarmendu zuen.
Bere alaben atxiloketa eta kartzelaratzearen inguruko «gehiegikeria mediatikoa» salatu eta horrek familiaren baitan eragin duen «mina, ezina eta batez ere desilusioa» aipagai izan zituen. «Oso ondo ezagutzen ditut alabak, badakit zein diren haien balio moral, etiko eta familiarrak, eta horrexegatik konbentzituta nago errugabeak direla, batak bezala besteak horrelaxe agertu zuten Guardia Zibilaren eta Garzon epailearen aurrean».
Hainbat komunikabidetan alabek ezker abertzalearekin zuten erlazioa nabarmendu dute. Andres Bruñok, berriz, gezurtatu egin nahi izan zuen: «Erraza zeukaten, horretarako nahikoa zuten Maribel aspalditik zein sindikatuan afiliatuta dagoen jakitea eta sindikatu horrek gai hauetan zer jarrera duen ezagutzea, nahikoa zuten Blancak azken hauteskunde orokorretan botoa eman zuela egiaztatzea. Inoiz egon bada nolabaiteko gertutasuna, Aukera Guztiak eta Euskal Herritarrok plataformak sortu zirenean bezala, gertutasun testimonial hutsa besterik ez da izan».
Halaber, Bruñok elkartasuna adierazi nahi izan zien «egun mehatxupean bizi diren guz-tiei». «Tortura horri, gaurtik aurrera, guk bizi dugun amets gaiztoan erortzeko arriskua gehitu beharko diote egoera horretan daudenek; izan ere, garbi dago, gu `bigarren mailako bikti- mak' garela», esan zuen. «Nolanahi ere, garbi gera bedi gu borreroak behintzat ez garela», gaineratu zuen.
Andres Bruñok alabak berehala askatzeko eskatu zuen. «Gure ondoan behar ditugu, etxean eta enpresaren zuzendaritzan eta kudeaketan», amaitu zuen.