GARA > Idatzia > Ikusmira

Tortura: inkomunikazioa bukatzea eta ikerketa mekanismo independenteak, AIren gomendioak

Amnesty International erakundeko (AI) idazkari nagusi Irene Khanek tortura kasuak ikertzeko mekanismo independenteak abiatzeko eskatu die Madrilgo eta Lakuako Gobernuei, ikerketa judizialak ez direla aski iritzita. Halaber, atxilotuen inkomunikazioa ez aplikatzeko eskatu du berriro ere, tortura eta tratu txarrak gertatzeko testuingurua sortzen duelako. Estatu espainolak AIren eta giza eskubideen arloan lan egiten duten beste erakunde askoren kritika gune izaten jarraitzen du, horien gomendioei muzin egiten segitzen duelako, eta ez dira bertako poliziei bakarrik dagozkien gomendioak, Estatuaren botere guztiei dagozkien gomendioak dira. AIren eskaerak Lakuako Barne Sailaren berehalako erantzuna eragin du. Esan duenez, Ertzaintzak azken bi urteotan ez ditu bakartu atxilotuak eta aldi horretan ez du tortura salakerarik jaso. Zalantzarik gabe bide hori zuzena eta eraginkorra bada ere, egia da, era berean, EAJk atzera bota izan dituela Gasteizko Legebiltzarrean AIren gomendioak indarrean jartzeko proposamenak. Tortura eragozteko neurriak ezin dira Ertzaintzaren «borondate onaren» menpe egon; araudi batean bilduta lege maila izan behar dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo