Ino Galparsoro askatzeko herri ekimena sortu dute
Arrasateko alkatearen berehalako askatasuna exijitzeko sinadura bilketa abiarazi du atzo aurkeztu zuten «Ino Udaletxera» ekimenak. Arrasatear ezagun ugarik hartu zuten parte agerraldian; hala nola, Xabier Zubizarreta alkatea ohiak edota Ander Rodriguez EBko zinegotziak.
Gari MUJIKA |
Pentsamolde eta esparru desberdinetako berrogeita hamar bat lagunek «Ino Udaletxera» ekimena aurkeztu zuten atzo Arrasateko udaletxean, Ino Galparsoro alkatearen askatasuna galdegitea «herritar guztien gizalegezko eskari» bilakatzeko helburuarekin. Horretarako, lehenik eta behin, sinadura bilketa abiarazi dute Arrasaten.
Igaro den apirilaren 30az geroztik Madrilgo Soto del Real espetxean preso dagoen Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen askatasunaren alde makina bat ekimen eta mobilizazio egin dituzte Debagoienako udalerrian. Aurrerantzean ere gehiago egingo dituzte. Hala, atzo, «Ino Udaletxera» ekimenaren jaiotzaren berri eman zuten Galparsorok egon beharko lukeen tokian: udaletxeko areto nagusian.
Arrasateko alkatearen «amesgaiztoa», Auzitegi Nazional espainoleko zitazioa prentsa bidez ezagutu zuenean hasi zela nabarmendu zuten. Ostean, «injustua -batere kulparik ez duelako- eta basakeria hutsa -egin zuten moduagatik-» izan den kartzelaratzea gogoratu zuten.
Sinadura bilketa Arrasaten
«Ino Udaletxera» ekimenaren bidez, «herritar guztien gizalegezko eskari» bihurtu nahi dute Galparsororen askatasunaren aldeko aldarrikapena. Horretarako, alor eta pentsamolde desberdinetako herritarren bilgune anitza bilakatu nahi dute.
Sinadura eta atxikimendu kanpaina abiaraztea izan da herri ekimenaren lehendabiziko zeregina. Atzo bertan hasi zuten lan hori agerraldian parte hartu zuten hainbat arrasatear ezagunen atxikimenduekin. Hilabeteko epea ezarri diote sinadura bilketari eta soilik Arrasateko herrira mugatu dute, «Inoren askatasunaren aldeko lehen bultzada, konpromisoa eta protagonismoa Arrasatek izan behar duela uste dugulako».
Ino Galparsororen askatasuna exijitzen duen testu batekin atxikimendua azalduz egin behar dute izenpetzea arrasatearrek; testu hori herriko hainbat tokitan aurkitu ahal izango dute gaurtik aurrera. Ekaina amaiera bitartean, Arrasateko erdigunean sinadurak biltzeko mahaiak ere jarriko dituzte. Uztailean, aldiz, lantegietara zabalduko dute Galparsororen askatasunaren aldeko sinadura kanpaina.
Hala ere, sinadura bilketa ez da datozen asteetan Arrasateko alkatearen askatasuna exijituko duen ekimen bakarra izango. Hala, datorren uztailaren 5ean egun osoko futbito maratoia ospatuko dute Uarkape frontoian.
Futbito maratoiaren antolatzaileen esanetan, helburua «herriko zein inguruetako lagun taldeek 24 orduko parte hartzeaz, eta kiroltasunez, gure alkate den Inori maitasuna adieraztea izango da».