GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza eskubidearen alde kanpatuko dute Iruñerriko gazteek


Jasone MITXELTORENA |

Etxebizitza eskubidearen aldeko Gazte Aterpea (Txantrea), Gure Ataria (Burlata), Vivienda Digna eta Kalean (Barañain) plataformek larunbat honetarako, ekainak 21, aldarrikapen eguna antolatu dute Iruñeko Gazte Asanbladarekin batean. Talde horietako ordezkariek atzo aurkeztu zuten ekimen berria eta, horretarako, Nafarroako etxebizitzak kudeatzeko ardura duen VINSAren bulego aurrean kanpatzeko denda batekin agertu ziren.

Azken hilabeteetan elkarrekin abiatu duten dinamikan urrats berri bat da atzo aurkeztutakoa. Etxebizitza eskubidea bermatzeko politikak eskatu zituzten atzo gazteek eta ez negozioari eta etxebizitzaren kontu aberasten den sektore pribatuari zuzendutakoak.

Etxebizitza hutsen okupazioa defendatu zuten egungo egoerari erantzun eta presioa egiteko modu gisa. Konponbidea alokairu sozialean ikusten dutela ere nabarmendu zuten.

Ekainak 21, protestara

Larunbatean, «Kalean egoteaz nazkaturik gaude. Etxebizitza eskubidea orain» lelopean aterako dira kalera. 11.30etik aitzinera herri eta auzoetan askotariko ekintzak burutuko dituzte, eta 13.00- etan Iruñeko Udaletxe plazan bilduko dira protesta egiteko. Ordu erdiko elkarretaratzearen ondotik, Antoniuti parkera, Singular eraikinaren parera, joko dute gazteek bertan kanpatzeko.

14.00etan «herri-bokatada» eginen da, eta, azkenik, 15.30etan, asanblada irekia hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo