GARA > Idatzia > Mundua

Etorkinak kanporatzeko zuzentaraua, pil-pilean gaurko bozketarekin

Etorkinen kanporaketaren gaineko zuzentaraua bozkatuko du gaur Europako Legebiltzarrak. Eskuindarren botoekin aurrera egitea aurreikusten bada ere, iritzi kontrajarriak daude, batik bat, atxiloketa epearen luzapenari eta EBn sartzeko debekuari dagokionean.

p023_f01_148x116.jpg

GARA |

Etorkinak kanporatzeko arauak bateratzeko, Europako Batasunak osatu duen agiria gaur bozkatu dute Legebiltzarrean. Atzoko eztabaidan, legebiltzarkideen eta talde politikoen artean dauden desadostasunak nabarmen gelditu ziren beste behin. Herrialde bakoitzean eskatutako agiriak ez edukitzeagatik atxiloketa epea hemezortzi hilabetetara luzatu dute. Eta, kanporatuta izatekotan, bost urtetan ezin izango dute Europako Batasuneko estatu kideetan sartu.

Liberalak eta PPE bat datoz zuzentarau horrekin. Beraien eta gainerako eskuindarren botoekin aurrera atera daiteke. Estatu frantseseko PSk, ordea, hainbat emendakin aurkeztu ditu. Dena den, talde legebiltzarkideak oraindik ez du azaldu zer bozkatuko duen, herrialde bakoitzeko ordezkaritzek ikuspuntu desberdinak dituzte-eta.

PSko Martine Moure legebiltzarkideak etorkinen kanporaketa prozedura bateratzeko zuzentaraua egun idatzita dagoen bezala ez dutela onartzen adierazi zuen. Bere hitzetan, etorkinen eskubideak babesteko hanka motz gelditzen da. Aurkeztu dituzten emendakinen artean, atxiloketa denboraldia gehienez sei hilabetekoa, eta ez hemezortzikoa, izatea proposatu dute.

Italiako Claudio Favaren ustetan, emendakinak atzera botatzen badira, «aurkako boto ugari» egongo dira.

PSOEko Javier Morenok, ordea, begi onez ikusi zuen agiria. Bere hitzetan, «immigrazioaren inguruan komuneko politika» adosteko bidean «aurrerapausoa» da. Proposatutako aldaketen alde dagoela esan arren, bai Estatu espainoleko bai Alemaniako ordezkaritzek ere testua bere horretan onartzeko prest daudela plazaratu dute.

Talde Komunistako kide Giusto Cataniak testua «lotsagarria» dela salatu zuen. «Europako kultura juridikoaren kontra egiten du», gaineratu zuen.

Ildo bertsuan mintzatu zen Hélène Flautre Berdeen izenean. Bere aburuz, «estatuen politika errepresiboen luzapena da». GUE/NGLren hitzetan (Ezkerra Bateratua), «helburua zortzi milioi lagunen kanporaketa da».

Aitzitik, Esloveniako Barne ministro Dragutin Matek agiriaren beharra nabarmendu zuen. Era berean, aldaketak egitea «arriskutsua» izan daitekeela ohartarazi zuen. «Horrek krisi larria eragiteaz gain, immigrazioaren gainean eztabaidatzen ari garen beste zuzentarau batzuengan ondorioak izan ditzake», helarazi zuen

Liberalentzat gobernuen konpromisoa «ez da biribila, baina norabide egokian doa». Graham Watsonek emendakinen aurka bozkatuko dutela azaldu zuen.

anitzak ekimena

«Itzulera-zuzentaraua» salatzeko eta Europan nahiz Euskal Herrian indarrean ez jartzeko exijitu du Anitzak ekimenak. Atzo, elkarretaratzeak egin zituen «lotsaren-zuzentaraua»ren aurka.

lampedusa

Astelehen gauetik astearte goizaldera arte, 72 etorkin, tartean hiru ume, aurkitu dituzte Italiako Lampedusa irlaren kostaldean. Somaliarrak eta nigeriarrak dira. Igandetik hona, 500 bat etorkin aurkitu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo