Bere gizarte politika «jasangaitza» dela aurpegiratu diote Sarkozyri Baionan
Parisko gobernuaren neurri sozialek erreakzio ugari eragin zituzten atzo ere. Sindikatu nagusienek deituta, mobilizazioak izan ziren Estatu frantseseko hiri askotan, baita Baionan ere. Ia 2.000 herritar karrikaratu ziren erretreta, lan-orduak eta eroste-ahalmena defenditzeko.
Arantxa MANTEROLA |
Eguraldi trumoitsu eta euritsua bidelagun zutela, 2.000 bat lagun karrikaratu ziren atzo Baionan Gobernuari esateko ez daudela batere ados indarrean jartzen ari den «neurri antisozialekin». CGT, CFDT, Solidaires eta FSU sindikatuek deitu zuten manifestazioa erretreta osoa jaso ahal izateko 41 eta 42 urtez kotizatu beharra (egun 40 urte dira) eta 35 orduko lan-astea 48koa bihurtu nahi izatea salatzeko -65 ordukoa ere izan daiteke Europako Parlamentuak ahalbidetzen badu-. LABek ere parte hartu zuen mobilizazioan.
Gai horiez gain, soldaten igoera or har eskasa denean prezioak gero eta gorago egiten dutelarik langileen eroste-ahalmena gainbehera datorrela ere ozen adierazi zuten.
Aurretik lau sindikatuetako ordezkariak pankartarekin zirela, CFDT sindikatuaren blokeak ireki zuen atzokoan ibilaldia. Turbomeca, Signature edota Dassaulteko langileak ere beraien pankartekin izan ziren, baita funtzionarioak eta zerbitzu publikoetako langileak ere. Erretiratutakoen kopurua ohi baino handiago izan zen. Alta, gazte gutxi ikusi zen, beharbada, azterketa sasoian bete-betean daudelako.
«Sarko, stop! urrutiegi zoaz», «Herria, ireki begiak eta borrokatu», «Publiko zein pribatukoek batera irabaziko dugu» eta antzeko leloak irakur zitezkeen hainbat manifestarik zeramaten afixetan.
Saint Ursule plazatik abiatu eta, erdiguneko karrika nagusienak megafoniaren laguntzarekin lema eta kantu tartean igaro ostean, suprefetura aitzinean amaitu zen manifestazioaren ibilbidea.
«Lehen biktimak»
Han Solidaires sindikatuko kide batek hartu zuen hitza denen izenean. Estutasunean dauden familiak, erretiratuak eta gutxiengo soldata soziala dutenak eroste-ahalmenaren murrizketaren «lehen biktima baina ez bakarrak» direla salatu ostean, soldaten igoera aldarrikatu eta lan-astearen iraupena mantentzea eta erretreten kotizazio urteak ez igotzea exijitu zuen.
LABek berriz, «hipokresiarekin» amaitzeko eskatu zuen, «inoiz baino aberastasun gehiago ekoizten delarik, batzuk bapo eta langile gehienak txirotzen» ari direla salatuta. Sindikatu handienei Gobernuarekin daramaten kontzertazio ahalegina bertan behera uzteko eta «eraso bortitz hauei erantzuteko» deia egin zien sindikatu abertzaleak.
Kontrakoa espero zen arren, maiatzaren 22an baino jende gutxiago kaleratu zen atzo Estatu frantsesean. Sindikatuen zatiketari egotzi zion CGTk parte-hartze epela. Irailerako, parte-hartze askoz handiagoa iragarri dute.