Munduko edozein traineruk har dezake parte Kontxan
GARA | DONOSTIA
Aurtengo Kontxako banderak nobedade handiak izango ditu. Antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez, munduko edozein tokitako traineruek izango dute Donostiako estropadan parte hartzeko eskubidea. Hori bai, euren palmaresa oso inportantea izan beharko da eta beste talde guztiei jartzen zaizkion arauak bete beharko dituzte.
Horiek horrela, Donostiako Udalak ACT Ligan ez dauden taldeak gonbidatu ahal izango ditu eta hiriko koadrilak ez du Aste Nagusiko sailkapenean parte hartu beharko, zuzenean sartuko baita irailean lehiatzen den estropada nagusian. Horren harira, gogoratu beharra dago, aurten, lehenengo aldiz, Donostiako traineru bateratu batek hartuko duela parte Kontxan.
Beste nobedade handienetako bat kaleen zozketari dagokio. Izan ere, orain arte gertatutakoaren aurka, albo batetara geratuko da lehen igandeko estropada hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago epaileek Alderdi Ederren egiten zuten zozketa. Horren ordez, delegatuek udaletxean egiten duten bileran egingo da zozketa.
Kontxan parte hartu nahi duten klub guztiek beharrezko informazio guztia jaso dute jadanik eta uztailaren 30a bitarteko epea dute izena emateko.
«Arraunaren olinpiadan» parte hartzeko sailkatze estropada irailaren 4an, osteguna, egingo da. Sailkatuek hurrengo bi igandetan, hilak 7an eta 14an, erabakiko dute aurtengo txapelduna.
ARC Ligaren hasiera
Bestalde, asteburu honetan ACR Liga hasiko da Asturiasen. Izan ere, larunbat honetan 17.00etatik aurrera eta erlojuaren aurka, Gozóngo IV. Ikurrina lehiatuko da. Han, txapelketa honetako bigarren multzoko taldeek hartuko dute parte. Hau da, Getxo Arraun, Colindres, Deusto Arraun Taldea, Raspas, Luanco, Sociedad de Amigos Marauca, Astillero B, Orio B, Hibaika -hau GARAk babestuta-, Ciudad de Santander eta Trintxerpe.
Lehen multzoko estropadak, aldiz, ez dira ekainaren 29ra arte hasiko. Orduan, eguerdiko 12.00etan, denboraldiari hasiera emango diote honako taldeek XXVII. Portugaleteko Ikurrinean: Donostiarra Moyua, Busturialdea, Hondarribia B, Itsasoko Ama, Isuntza, Zierbena Bahías de Bizkaia, Ondarroa, Castro, Portugalete Ballonti, Camargo, Pasai Donibane eta Kaiku Habidite historikoa.