GARA > Idatzia > Euskal Herria

Guardia Zibilaren jazarpena salatzeko elkarretaratzera deitu dute biharko Leitzan

«Aski da, jazarpen polizialik ez! Utzi bakean Leitza» lelopean elkarretaratzea egingo du bihar ezker abertzaleak, bizilagunek, Guardia Zibilaren eskutik, sufritzen duten jazarpen polizial «jasanezina» salatzeko.

p013_f01.jpg

GARA |

Guardia Zibilaren eskutik jasaten duten jazarpena eta errepresioa dela-eta, leitzar andana haserre agertu zen atzo prentsaren aurrean. Azken hilabeteetan indar polizial honek herrian barrena egindakoak azaldu eta biharko elkarretaratzea deitu zuten; iluntzeko 20:00tan izango da ezker abertzaleak antolatutako hitzordua, Lopeneko iturrian. Aukeratutako leloa, berriz, «Aski da, jazarpen polizialik ez! Utzi bakean Leitza» izango da.

Guardia Zibilak Leitzan ehun urtetik gora daramatzala gogoratu zuten eta mende luze honetan, atxiloketak, tiroz zauritutako herritarrak, torturatutako bizilagunak eta makina bat isun eta kontrol izan direla deitoratu zuten. Era berean, gogoan izan zuten Maxurrenea etxea eta Guardia Zibilak herritarren nahien gainetik «okupatua» duela gogor salatu zuten. Egoera beraz, «jasanezina» bihurtzen ari dela nabarmendu nahi izan zuten bildutako bizilagunek.

Leitzako ezker abertzalearen izenean atzo egindako prentsaurrekoan azken hilabeteetan gertatutako jazarpen egoerak izan zituzten gogoan. Errepide kontrolak ia egunero pairatu dituztela adierazi zuten eta, hainbat egunetan gainera, Guardia Zibilak herrian barrena eta armak eskuetan zituztela ibili direla salatu zuten, baita jendea identifikatzen aritu direla ere.

Bizi duten errepresio egoeraren isla gisa, Goizueta eta Leitza artean gazte batek izandako kontrol «bortitza» edota Nafarrok kontzertuan jazotakoa deskribatu zuten. Orduan, herriko sarrera eta irteeretan ezarritako kontroletan gazteak ordu luzez atxiki zituzten, baita goitik behera arakatu ere. Atzo salatu zutenez, poliziak galdeketa ilegalak egin zituzten eta hiru gazteri gutxienez belarrondokoak eman zizkieten.

Leitzako herritarrentzat egoera «jasanezina» bihurtzen ari dela nabarmendu eta Guardia Zibila «herritarren ukazioaren bermea» dela salatu zuten. Izandako gertaerak salatzeaz gainera, errepresioa «antzua» dela adierazi zuten. Azkenik, elkarrizketa eta euskal herritarren eskubideen errespetuaren alde egin zuten, hori baita Leitzako ezker abertzalearen aburuz herri honek bizi duen gatazka konpontzeko modu bakarra.

azken egunak

Egunotan Guardia Zibilaren helikopteroa herria inguratzen dabilela salatu zuten, baita herriko hainbat txokotan eta ordu luzez auto eta pertsona «susmagarriak» dabiltzala ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo