GARA > Idatzia > Zinema

Apatow faktoria edo komedia estatubatuar berriaren porrota

Datorren asteburuan, Apatow faktoriaren film berri bat iritsiko zaigu. Azken urteotan, hainbat lan desberdinen bidez, Ameriketako Estatu Batuetako komedia iraultzen saiatu da etxe hau, nerabeei zuzendutako ohiko komedia inozoarekin apurtu eta ikusleen burua astindu nahi duena. Baina helburu honetan ez du behar bezainbeste arriskatu eta ausardia falta hau da haien porrotaren abiapuntua.

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Komedia estatubatuarra irauli du azken urteotan Judd Apatow zinemagile eta ekoizleak. Zinema aditu entzutetsuenen mirespena eta ikusleen onespena erdietsita, Farrelly anaien umore zabarraren oinordeko bilakatu da. Datorren asteburuan, hain zuzen ere, Apatow faktoriak ekoitzitako «Paso de ti» (2008) filma iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Nicholas Stoller gaztearen estreinako pelikulak Apatowren loser comedy kerratuen arau guztiak betetzen ditu, zinez. Ohiko freak atsegina da protagonista; Apatowko galtzaile kutun bezain inozoa, alegia. Barbie silikonaturik ere ez da falta. Ezta sexuaren inguruko gag gatzgabeak. Peter Pan sindromedun kritikari kanpaijole guztiak asetzeko moduko beste maisulan bat da, antza.

«Freaks and Geeks» telesailarekin ospea erdietsi ostean, zineman arrakasta ikaragarria izan zuen Apatowk «Virgen a los 40» (2005) filmarekin. «American Pie» (1999) lohiaren bide errezean erori ordez, planteamendua aurreikus zitekeena baino interesgarriagoa da. Steve Carell apartak antzeztutako protagonista lotsagarri uztera mugatu baino, arketipo maskulinoen kritika egin baitu. Kritika hori, ordea, xaloa da oso. Hala, tamalez, apurka-apurka, patroi zaharretara itzuli da; bukaera eztitsuen xarma saihestu ezinik. Antzeko zerbait gertatu zaio «Lío embarazoso» (2007) zozoan. Azken honek islatzen dituen balioak, baina, kontserbadoreagoak dira.

Apatowk ez du ezer berririk asmatu, ostera. «Porky's» (1982) nardagarriaren ekarpenak birformulatu eta ukitu gizatiarrago bat eman nahi izan dio komediari. Nolanahi ere, zirriborro hutsean geratu da bere ahalegina; komedia bakar batek soil-soilik lortu baitu bere xedea: Greg Mottola-ren «Supersalidos» (2007) zirraragarriak. Filmeko protagonista nerabe sexuzaleen abentura hutsalen itzalean, umorea, adiskidetasuna eta erromantizismoa egokiro uztartu dituen komedia samur eta hunkigarria ezkutatzen baita. Aukeran, baina, gogokoagoak ditugu Sacha Baron Cohen-en «Borat» (2006) eskatologikoaren jite politikoki ez zuzena edo «Little Miss Sunshine» (2006) adimentsuaren ironia maltzurra. Apatowren uztako komedia, ordea, erdibidean geratu da. Nerabeei zuzendutako ohiko komedia inozoarekin apurtu eta ikuslearen burmuina astindu eta bihotza ukitu nahi ditu. Baina zipitzik ere arriskatu gabe. Eta ausardia falta horretan datza, hain justu, bere porrotaren zergatia.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo