GARA > Idatzia > Kultura

Keinu-umorean aditu den Yllana taldeak «Brokers» lana estreinatuko du Leioan

GARA | LEIOA

Kontsumismo garaian arrakasta egarri duten lau negozio-marrazo agertoki batean bildu. Honi, Yllana konpainian ohikoa den ironiaz betetako umorea gehitzen badiogu, «Brokers» lanaren osagai nagusiak aurkituko ditugu. Lau pertsonaia hauek luxua, boterea, nartzisismoa eta ospearen egunerokotasunean bizi dira. Bide honetan, tekonologia berriak, jateko osasungarriak edota gorputzaren kulturaren fanatismoa arnasa hartzea bezain oinarrizkoak diren mundu berezi batean sartuko dira. Baina arrakasta lortzeko lasterketak agerian utziko ditu ezkutuan dituzten beldurrak, gizarte kontsumistaren oinarriak dardararaziko dituzten egoera barregarriak sortuz. Bi elementu baino ez dira falta antzezlan oso hau biribiltzeko: soinu-banda zaindua eta eszenaratze ezin hobea. Hau guztia elkartuta, barre-algaraz beteko dute Yllana taldekoek zapaltzen duten edozein agertoki. Lan berri honen erabateko estreinaldirako, Leioako Auditorium aretoa aukeratu du Madrilgo konpainia honek. Gaur 20.30ean aurkeztuko dute lan berri hau Bizkaiko herri honen jaien barneko egitarauan sartuta dagoen ekintzarekin.

Beste talde batzuek ekoizten dituzten lanak ez bezala, konpainia honen jatorrizko estiloa ikusi ahal izango da lan berri honetan. «Brokers»-ek «666» eta «Star Trip» lanen xarma berreskuratu du. Kasu honetan, taldeko kideek azaldu dutenaren arabera, inguratzen gaituen munduaren begirada garratz bat ematera itzuli nahi zuten, horretarako komediaren mugak bilatuz eta joko asko ematen duten pertsonaien psikologia landuz. Azken finean, dirua eta boterearen inguruko hausnarketa eskaintzen dute Yllanakoek. Lau negozio-gizonek duten dirutza nola xahutzen duten eta horrek ekarriko dizkien miseriak eta arazoak azalduko dituzte gaur 20.30etik aurrera Auditorium aretoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo