GARA > Idatzia > Txirrindularitza

«Mundialean lehen hamarren artean sailkatzea emaitza itzela litzateke»

p038_148x096.jpg

IÑAKI LEJARRETA

BTT ORBEA TALDEKO TXIRRINDULARIA

Garrantzi handiko urtea du Iñaki Lejarretak aurtengoa, izan ere, Beijing-eko Olinpiar Jokoetan hartuko du parte, eta horrek denboraldia baldintzatu dio. Edonola ere, prestaketa ezin hobeto bete du eta hobekuntza nabarmena izan du, izan ere, emaitza onenak azken asteetan erdietsi ditu. Horregatik, maila emateko konfiantza osoa du bere buruan igandean ospatuko den Italiako Mundialean.

Unai IRARAGORRI |

Igandean, urteko bigarren erronka du Iñaki Lejarretak Italiako Mundialean; Munduko Kopan gora egin du eta Joko Olinpikoetan onena ematen saiatuko da. Konfiantzaz beteta abiatu zen asteazkenean Val di Solerantz, azken emaitzak ezin hobeak lortu ditu-eta Orbea taldeko berriztarrak.

Zein birpasa egingo zenuke orain arteko denboraldiaz?

Abuztuan Olinpiar Jokoak direla-eta, laburpen ona egin dut, ezin hobea. Asmoa sasoia hiru aldiz harrapatzea zen, Munduko Kopan, Munduko Txapelketan eta Joko Olinpikoetan. Munduko Kopan hobera egin dut, Houffalize 18., Offenburg 15. eta Vallnord 9., eta azken asteburuan Berrizen gailendu nintzen. Horrek indartsu nagoela adierazi nahi du. Lesiorik eta gaixotasunik ez izatea nahi dut, Beijingen indar guztiekin lehiatzeko. Agian, puntu beltza, Europakoa izan zen, lasterketa utzi behar izan nuen-eta.

Andorrako azken Munduko Kopan 9. sailkatu zinen, zure postu onena aspaldiko partez.

Oso pozik nago, 2007ko apiriletik, Houffalizen, ia beti lehen hamabosten artean ibili naiz Munduko Kopan, baina lehen hamarren artean sartu gabe. Beraz, oso pozgarria da; gainera, aurrerapen ikaragarria egin nuen, lehenengo biran 30. postu inguruan ibili eta gero, eta azkenengo itzulietan Absalon bezalako txirrindulari garrantzitsuak gaindituz. Bestetik, gora egiteko bideratuta da prestaketa, eta emaitza horrek eta Berrizen garaipenak horrela ziurtatuko dute.

Nola ikusten duzu zeure burua Mundialari begira? Zein da zure helburua?

Sasoiko helduko naiz, bai fisikoki, bai mentalki. Emeki, nire sasoiak hobera egin du eta horrek konfiantza ematen dizu. Eta are gehiago Berrizko Superprestigioan aterako aldeak ikusita. Hasiera batean, nire helburua lehenengo hamarren artean sailkatzea da, itzela izango da, baina 20 lehenengoetan izatea ere ez zen emaitza txarra izan; izan ere, Suitza bezalako herrialdeetan oraindik txartel olinpikoak jokoan dituztela.

Italiako ibilbidearen ezaugarriak ezagutzen al dituzu?

Ba, ni ez naiz bertan inoiz izan, baina esan didatenaren arabera, gogorra da eta ez oso teknikoa. Ezaugarri horiek onak dira niretzat. Edonola ere, bertan ikusi egin behar nolakoa den benetan eta eguraldiak nola uzten duen ibilbidea.

Zeintzuk dira zure faboritoak?

Nire ustez, Absalon, Sauser, Hermida eta Vogel dira faborito irabazteko. Atzetik, beste 15 bat txirrindulari lehiatuko gara horiengandik hurbil aritzeko, baina zaila izango da Munduko Txapelduna lau horietako bat ez izatea.

Mundiala eta gero, nola prestatuko dituzu Olinpiar Jokoak?

Espainiako txapelketan lehiatu ondoren, bi hilabete izango ditut Olinpiar Jokoak prestatzeko. Entrenamendu gogorrak egingo ditut uztailean eta abuztuan. Agian, errepideko edo Euskadiko mendiko lasterketetan lehiatuko naiz, atzerrira bidaiak ez egiten saiatuko naiz, ordea, nekea ez gehitzeko.

Amaitzeko, badirudi ahaztuta dituzula osasun arazoak.

Bai, 2006ko ekainetik ez dut tratamendurik hartzen. Hilero, tiroidearen bilakaera ezagutzeko analisiak egiten ditudan arren, gaixotasuna guztiz gaindituta dudala baieztatzen dute. Horrek ere sekulako lasaitasuna ematen dit; horrela, entrenamendua eta sakrifizioa nik jarriko dut-eta munduko onenen artean aritzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo