GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako Txapelketa

Larraitzen jokatuko den finalean izateko azkeneko aukera izango da Errezilen

Ormaetxea, Goikoetxea, Arteaga, Aranalde eta Etxeberria arituko dira etzi arratsaldean, eta horrekin amaituko dira sailkapen faseko probak

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Segaren zaleak gustura izango dira asteburu honetan, bi saio ezberdin ikusteko parada izango baitute. Bata nazioarteko moldean, eta bestea, berriz, betiko eran.

Azken era honetan arituko dira etzi arratsaldean, 18.00etatik aurrera Errezilen, Etumetako belardietan, eta bertan Gipuzkoako Txapelketako ligaxkako azkeneko jardunaldia jokatuko da. Honen amaieran, jakingo dira ekainaren 29an Larraitzen jokatuko den finalean arituko diren lau segalarien izenak.

Ormaetxeak, Arteagak, Goikoetxeak, Aranaldek eta Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak Errezilen. Nazioarteko moldean jokatuko dute, eta ordu erdi izango dute lanerako. Tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du garaipena.

Sailkapen fase honetan orain arte Goikoetxea eta Ormaetxea izan dira garaile. Lehen jardunaldia Zizurkilen jokatu zen, eta orduan nazioarteko eran aritu ziren. Gaztelukoak lortu zuen garaipena. Joan den igandean, aldiz, Orendainen lehiatu ziren, eta orduan betiko eran lehiatu behar izan zuten. Etxekoak ez zuen hutsik egin, eta Ormaetxeak garaipena erdietsi ahal izan zuen.

Orendaingoak itxura bikaina eman zuen pasa den igandean, eta horrek berriro ere etzi irabazteko faborito bihurtzen du. Hala ere, segalarien helburu nagusia finalerako txartela lortzea izango da.

Oraingoz, eta ezuste handiren bat gertatzen ez baldin bada, Ormaetxea, Arteaga, Aranalde eta Goikoetxea izango dira finalean. Oraingoz, Etxeberria postu horietatik kanpo dago, baina Errezilen izango du azken aukera helburua lortzeko. Hala ere, Orendainen ikusitakoaren arabera, ez du lan erraza izango. Lehen jardunaldian Arteaga izan zen azken sailkatua, baina bigarren jardunaldian bigarren izan zen, eta Etxeberria, puntuetan nahiko atzean geratuta dago, eta lan oso ona egin beharko du Larraitzeko finalean izateko, bestela oso zaila izango du azken saioan izatea.

Gipuzkoan bost segalari ari dira lehian, Bizkaian, oraingoz, hiruk bakarrik eman dute izena, nahiz eta Federaziotik atzo iragarri zutenez, oraindik besteren batek izena emango duen itxaropena ere ez omen dute galdu. Aurten Jon Lapazaran, herrialdeko eta Euskal Herriko txapelduna ez da arituko, eta Bizkaian bere hutsunea nabarituko da. Goioaga, Intxaurbe eta Gondra dira oraingoz parte hartzeko prest daudenak. Txapela saio bakarrera jokatuko da, eta hori uztail erdialdean izango da Otxandion.

Liga

Bestetik, Almitza elkarteak antolatu duen Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar Tolosan, Iurramendiko belardietan, 17.30ean. Lehiaketa hau nazioarteko eran jokatzen da, eta horrelakoetan azkartasuna eta txukuntasuna uztartu behar izaten dituzte kirolariek.

Neskak eta mutilak izango dira lehian, eta lehen jardunaldian izan ziren gehienak bertan izatea espero dute. Izan ere, aurrean ibili nahi duenak denetan parte hartu beste erremediorik ez baitu izango.

Lehen jardunaldian, Gabirondotarrek nagusitasuna erakutsi zuten. Joxe nagusitu zen gizonezkoetan, eta MariaLuisa berriz, emakumezkoetan. Nesketan, gainera, Maria Luisak lortu berria du Gipuzkoako txapela ere eta, beraz, indartsu helduko da Tolosako norgehiagokara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo