GARA > Idatzia > Osasuna

OSASUNA

Sadarreko giroaz gozatzeko gogotsu heldu da Roberto Iruñera

GARA | IRUÑEA

Asteazkenean bere fitxaketa baieztatu ondoren, Osasunak Roberto aurkeztu zuen atzo Sadarren. Atezain galiziarrak kamiseta gorria soinean jokatuko du hurrengo hiru urteetan.

Poz-pozik dago Roberto, baita ofizialki estreinatzeko irrikitan ere, batez ere Sadarren jokatzeko. «Giro ikusgarria egoten dela uste dut eta argi dago jokalariek bat egiten dutela. Sportingek bezala, Osasunak jarraitzaile talde bikaina du», nabarmendu zuen jokalariak.

Ez da bi kluben arteko parekotasun bakarra. «Bietan modu onean lan egiten dela uste dut -esan zuen-. Gainera, aldagelan giro ikusgarria dagoela esan didate eta horrek gauzak ondo egiten asko laguntzen du».

Azken zazpi urteotan bere taldea izan den horretatik alde egiteak penatuta utzi badu ere, atezainak, bestetik, argi utzi zuen «barne-muinetaraino bat egiten» duela «oraingo taldearekin». Gainera, sasoi «ezin hobean» dela sentitzen du. «Lehen mailara une egokienean heltzen naizela uste dut, 29-30 urtetako atezainak esperientzia baitauka eta fisikoki ondo baitago». Gauzak horrela, gogor lan egiteko prest dago Ricardori titulartasuna kentzeko, azken hitza entrenatzaileak daukan arren.

Juanjo Lorenzoren esanetan, bestetik, Robertok «maila altuagoan egoteko moduko atezaina zela frogatu du azken denboraldiotan. Lehen mailan egotea merezi duela uste dugu eta gauza onak eskainiko dizkigula uste dugu. Ricardo eta Robertorekin oso atezain onak ditugula uste dut», amaitu zuen Osasunako kirol zuzendariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo