GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ahaztuak, Udalbiltza, Segi eta IA ere Kursaalen izango dira bihar

Ahaztuak elkartearen ustez, Euskal Curriculumak aukera ematen du herri honen memoria historikoa islatzeko eta lantzeko. Udalbiltzak egitasmoaren garrantzia berretsi du, eta Euskal Herriaren garapenerako ezinbesteko tresna dela esan du. Segi eta Ikasle Abertzaleak antolakundeek ere bihar Kursaaleko ekitaldira joateko deia egin diete herritarrei.

GARA |

Euskal Curriculuma aurkeztuko dute bihar goizeko hamaiketan Kursaalen: herriaren egitasmoa, urte hauetan benetako auzolanean osatu dena, Ikasle Abertzaleak taldeak azaldu duenez. Jaiotza ekitaldian herritar guztiok egon behar dugula pentsatzen dute antolakunde honetako kideek.

Lan honen zenbait ezaugarri nabarmendu dituzte. Euskal Herriaren biziraupenerako izugarrizko garrantzia duela esan dute eta, bestetik, osatzerakoan herritarrek, eta horien artean, ikasleek parte hartu dutela gaineratu dute. Azken hamarkadan mugimendu honek egin duen etengabeko borroka ezinbestekoa izan da euren iritziz Euskal Curriculumaren beharra hezkuntza komunitatean txertatzeko, baita eskoletako hormak zeharkatu eta herriratzeko ere. Horregatik, «gure borroka izan delako, eta borrokak merezi izan duela frogatzeko aukera paregabea dugulako», Kursaalera hurbil dadila eskatu diote euskal ikasleriari.

Beste gazte antolakunde batek ere dei bera zabaldu du. «Geure burua zoriondu behar dugu ekarpena egin dugun guztiok; animoak eman nahi dizkiegu boterearen itsukeriatik urrun eguneroko lan eta borroka zintzoan dabiltzanei», adierazi du Segik. Hala, beraien babesa eta lanerako konpromisoa berretsi diete proiektuaren garapenean buru-belarri aritu direnei.

Erakunde abertzalearen ustez, ekitaldian argi geratuko da «gaur eta hemen Euskal Herria deritzon proiektua gauzatu ahal dela, gauzatzen ari garela». Herri honetan aukera guztiak zabalik daudela gaineratu dute, hau da, beraien iritziz, curriculuma osatu den moduan eremu guztietan eraiki daiteke biharko Euskal Herriak behar duen oinarria. «Herri honen patua askatasuna da, menpekotasunik gabeko Euskal Herria begi-bistan dugu, guri dagokigu etorkizunak independentzia izena hartzea. Herri bat piztera goaz, eta ondo ari gara», amaitu dute.

Ahaztuak taldearen arabera, kasu bakan batzuetan ez bada, gaurko hezkuntza ereduan ez da Euskal Herriko memoria historikoa, eta zehazki 1936-1977 aldia, behar bezala lantzen, ez edukietan, ez ikuspuntuan. Kezkagarria iruditzen zaie hori, euren ustez, memoria hori garrantzitsua baita edozein hezkuntza sistematan, horren bitartez oinarrizko balioak islatzen, helarazten eta berresten direlako.

Oraina eta geroa ere bai

Estatu kolpearen, errepresioaren eta frankismoaren biktimen elkarteak uste du memoria historikoak konnotazio kritikoa, demokratikoa eta antifaxista izan behar duela hezkuntzan. «Ezin dugu ezagutzarekin eta iraganaren irakurketarekin soilik lotu; orainaren eta etorkizunaren eraikuntzarekin izan behar du harremana», azaldu dute.

Ahaztuak taldeko lagunen iritziz, une honetan leiho bat ireki da egoera berriz bideratzen hasteko. Euskal Curriculumak aukera ematen du benetan herri honen memoria historikoa, eta bereziki Estatu kolpea eta Francoren diktadura, islatzeko eta lantzeko, ikuspegi demokratiko eta antifaxista batetik. Gainera, curriculumaren bidez, «Estatuko beste herriei» ekarpen praktiko interesgarria egin dakiekeela iruditzen zaie. Memoria historikoa hezkuntza ereduan txertatzea bideragarria dela frogatzea litzateke kontua, gako antifaxista eta demokratikoekin. Elkarte honek adierazi duenez, aldarrikapen hori oinarrizkoa da frankismoaren biktimentzat, hemengoentzat eta Estatu osokoentzat.

Horregatik guztiagatik egin diote jarraipena Ahaztuak taldeko kideek interes handiz Euskal Curriculumaren inguruan hainbat eragilek egin duen lana. Eginahal horrekin erabat identifikatzen dira, eta frankismoaren biktima guztiei eta euskal gizarteari Kursaalera joateko deia egin diete.

Udalbiltzak esan duenez, ekitaldi horretan urte hauen guztien fruitua jasoko dute. Bost urte hauetan bi norabidetan lan egin dutela azaldu dute. Alde batetik, Euskal Curriculuma sortzeko prozesua martxan jartzen lagundu dute, «horrelako prozesu batean inork gutxik sinesten zuen garaian», gainera. 2003an Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioarekin eta Sortzen-Ikasbatuaz eremu publikoko elkartearekin hitzarmena sinatu ostean, diseinu estrategikoa egin eta abiarazi zuten. Ondorengo urratsetan Eskola Kristauak, Lakuako Hezkuntza Saila eta beste hamaika eragilek bat egin dute.

Udalbiltza esandakoaren arabera, galdera bat dago Euskal Curriculumaren oinarrian: «Zer nolako pertsonak hezi nahi ditugu Euskal Herrian? Nolako gizartea sortu nahi dugu etorkizunera begira?». Bide honetan, Euskal Curriculumaren garrantzia berretsi dute; herriaren garapenerako ezinbesteko tresna dela adierazi dute.

«ezinbestekoa»

Udalbiltzak azaldu duenez, Euskal Herri osorako baliagarria izango den erreferentzia kultural eta pedagogikoa da Euskal Curriculuma, eta herria garatzeko ezinbestekoa da berau osatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo