Axularren «Gero» Bilbon, laurehun irakurle eta ia lau mendeko bidaia
Atzo, estreinako aldiz, goizeko zortzietan hasi eta iluntzeko zortzietan bukatu, laurehun irakurle txandakatu ziren Arriaga antzokian, Axularren «Gero» etenik gabe irakurtzeko, Elkarlan osatzen duten euskaltegiek ikasturte bukaeran ospatu ohi duten jaiaren barnean.
Anartz BILBAO | BILBO
Axularrek idatzia omen da «Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen». Eta Sarako erretoreak orain ia lau mende idatzitako «Gero» liburua badabil, atzo Bilboko Arriaga antzokian euskara ikasle eta gizarte eragileen ahotsetan entzun genuenez.
Aurten estrainekoz, Axularren «Gero» lanaren etenik gabeko irakurketa egin zuten atzo bertan, Elkarlan osatzen duten hiru euskaltegiek -Bilbo Zaharra, Joan Mateo Zabala eta Gabriel Aresti- antolatua, goizeko zortzietan hasi eta iluntzeko zortzietan bukatu. Eta gero, erromeria alai batek eman zion bukaera jaiari, Kafe Antzokian.
Goizeko zortzietan Joan Mari Irigoien idazleak zabaldu zuen liburua eta hamabi ordu geroago, Pedro Alberdik itxi, iluntzeko zortzietan. Irakurleen artean, baziren euskararen mundura hurbildutako berrehun ikasle inguru, goi mailetakoak zein hasiberriak (gehienak Bilbo Zaharra euskaltegikoak), hilabetetan zehar testuak prestatzen jardun dutenak. Eta baita gizarteko makina bat ordezkari ere. Izen ezagunenen artean: Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakaria, Garbiñe Biurrun epailea, Miren Azkarate agintaria, Miren Agur Meabe idazlea, Julio Ibarra kazetaria, Natxo De Felipe musikaria, Joane Somarriba txirrindulari ohia eta Atheticeko zenbait jokalari, bakoitza aurretik prestatutako testua eskuan.
Munduan barreiaturik dauden Euskal Etxeek ere parte hartu nahi izan zuten ekimenean eta aurretiaz grabatutako imaginak igorri zituzten, Arriaga Antzokiko plazan jarri zuten pantaila erraldoian eguneko momenturik bitxienak ikus genitzan. Axularren «Gero», Sidney, London, Praga, Erroma edo Amerikako «euskaldunek» irakurria.
Pedro Alberdi, Sarako apaizaren liburua eskuan, ez zen irakurmahai ondotik ia egun osoan mugitu. Idazle eta Bilbo Zaharra euskaltegiko irakasle, bera genuen irakurtaldiaren antolatzaile nagusienetarikoa. Ekimenaren jarraipenaz galdetuta, gerokoak gero erantzun zigun, baina oso pozik agertu zen aurreneko irakurtaldiak izandako harrera eta partaidetzarekin. Gainera, eta laurehun partaide baino behar ez ziren arren, askoz jende gehiagok ere agertu zuen klasikoa irakurtzeko borondatea. Euskal Telebistak irakurtaldia zuzenean ikusteko aukera eskaini zuen, www.euskaltelebista.com/axular atariaren bitartez.
Hitzaldi sorta
Atzo Elkarlan euskaltegiek antolatutako irakurketa baino lehen, Bilbo Zaharra Forumak antolatuak zituen hiru hitzaldi, «Axular gaur» lelopean. Lehena, Axular bera protagonista duen «Lur bat haratago» liburuaren egileak, Joan Mari Irigoienek eman zuen. Bigarrenak Txema Larrea eta Aingeru Epaltza izan zituen hizlari. Nafarrak Axular uger eta iluna, deabruarekin tratuak ere badituena izan zuen hizpide. Azkena, Aurelia Arkotxa eta Beñat Oihartzabalek eman zuten Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, herenegun.
Berrehun euskara ikaslek eta gizartearen sektore ezberdinetako beste horrenbeste izenek aurretiaz prestatutako pasarteak irakurri zituzten. Joan Mari Irigoien idazleak ireki zuen liburua goizeko zortzietan, eta Pedro Alberdik itxi iluntzeko zortzietan.
Lekua: Arriaga antzokia (Bilbo).
Data: Atzo, ekainak 19.
Ordua: 8.00etatik 20.00etara.
Partaideak: 400 irakurle.
Antolatzailea: Elkarlan.
Pedro Axular Azpilikueta Urdazubi (Nafarroa) herrian jaio zen 1556an, eta Saran (Lapurdi) hil, 1644an. Jaiotetxeak eman zion «Axular» goitizena lapurteraz mintzo eta 1600 urtea geroztik Sarako apez izan zen idazleari. Bertako eskolako kide eta Shakespeare eta Cervantesen garaikide, 1643an Bordelen inprimatua eman zuen argitara euskal literaturako klasiko den «Guero, bi partetan partitua eta berecia» sermoi liburua. Villasanteren ustez «euskal prosaren benetako kreatzaile» dugu Axular, eta Mitxelenaren esanetan, «euskaraz argitaratutako lehen liburu hiritarra» «Gero».
Atzoko irakurtaldia abiatu zuen Joan Mari Irigoien idazlearen iritziz, «arnas luzeko esaldiak eta dotorezia handia» dira liburuaren ezaugarririk aipagarrienak eta testuak, «bere baitan daramaten musikaltasunagatik, ozenki irakurtzeko eginak» direla uste du Patxi Salaberrik. Alta, bada Sarako erretorearen sermoiak euskara ikasleek irakur ditzaten aproposak ez direla uste duenik ere, Ur Apalategi kasu.
Atzoko irakurtaldian, Villasantek egindako edizioa probestu zuten, laurehun ataletan banatua aurkitzen baita. Alta, latinez idatzitako testu zatiak alde batera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Sarean badago liburu osoa aurkitzea, Villasanteren edizioan, <www.vc.ehu.es/gordailua/Axular> eta <klasikoak.armiarma.com/idazlanak/A/AxularGero> atarietan.
A. B.