GARA > Idatzia > Musika

Musikariak, balioen kateak ahantzitako katebegia

Bartzelonan Digital Music 2.0 jardunaldiak egin dira. Hizlari bakoitzaren lanbidearen araberako ikuspuntua oso ezberdina zen, aldiz. Musika inongo mugarik gabe trukatu behar dela esan zuten gehienek. Disko etxeek trabak besterik ez dituztela jartzen musika gaiak sarean barrena libre ibiltzeko, banatzaileek. Kantuen salmenta jada ez dela negozio, mugikorrenek.

Blanca IZKUE | Musikagintzako langilea

Digital Music 2.0 jardunaldiak egin dira joan den asteko astearte eta asteazkenean Bartzelonan, Kataluniako Gobernuko Kultura Industrien institutuaren barruan dagoen SDEk (enpresa garapenerako zerbitzua) antolatuta. Hirugarren urtez antolatu dituzten hitzaldi hauen gaiak, hizlari eta publikoari dagokionez, urtez urte arrakastatsuagoak omen dira. Jardunaldion helburua musika industriaren garapenaren inguruko gogoeta egitea izan da, gaur egungo hedapen digitalak diskogintzari eskaintzen dizkion bide berriak aztertzea, zehazki.

Antolakuntza, primerakoa; hizlariak, mundu mailan punta-puntako adituak; gaiak, zinez interesgarriak. Ezinezkoa jorratu zenaren laburpena hemen egitea (zutabe honen luzera, batetik, gure barneratze eta memoria falta, bestetik), baina gaiak aipatuta ideia bat egin daiteke: merkatuaren egoera, hedapen digitaleko gizarte sareak (My Space, You Tube, Faceboock, Twitter, Bebo...), eskuko telefonoen bidezko musika eta haren inguruko gaien salmentak, banaketa digitala, Internet bidez kantuak saltzeko baimenak, publizitate eta filmetan erabiltzen den musikaren erabilpena (sinkroniak), edizio musikalen katalogoen Internet bidezko hedapena, gaur egun norberak bere etxean grabazio bat egiteko garatu diren baliabideak... Guztia, maila handiko hizlarien ahotik, Ameriketako Estatu Batuetako, Ingalaterrako eta Espainiako disko etxe handi zein independenteetako arduradunak, banatzaile digitalak, mugikorren enpresa gizonak (esan beharra dago emakume gutxi zirela hizlarien artean), argitaratzaileak, disko etxeen elkarteko arduradunak, musikariak eta musika negozioaren geroan berezitutako pertsonaia bat. Bi eguneko ikastaro trinko bezain interesgarria. Zinez gomendatzen dizuet informazioa jasotzen duen web-gunea: http://www. catalanarts.cat/ dm20

Hizlari bakoitzaren lanbidearen araberako ikuspuntua oso ezberdina zen, aldiz. Musika inongo mugarik gabe trukatu behar dela esan zuten gehienek. Disko etxeek trabak besterik ez dituztela jartzen musika gaiak sarean barrena libre ibiltzeko, banatzaileek. Kantuen salmenta jada ez dela negozio, mugikorrenek. Jendearen arteko gaien partekatzea bultzatu behar dela gizarte sareen bidez. Legez kanpo kopiatzea garaiz kanpo geratu den hitza da. Harago joan behar dela, negozioa beste toki batzuetan dagoela. Eta hau dena kantuak nork egiten dituen guztiz ahantzirik. Hemen ez zen musikagileez hitz egin, artea berez sortuko balitz bezala, balioen katean aspaldian gainditutako katebegia.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo