GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zarauztarrek jaietako egun handia ospatuko dute gaur: San Pelaio

Kosta zaio, baina azkenean ailegatu da uda gurera, eta goxo agurtu gaitu. Bestak ekarri dizkigu opari. Zenbaki gorriz betetako egutegia. Eguneroko lanak alde batera utzi eta parranda pixka bat egiteko aukera apartak. Zarautzen, adibidez, bete-betean sartuta daude sanpelaiotan.

p015_f02.jpg

GARA |

San Pelaio eguna goiz eresiarekin esnatuko da. Trikiti eta dultzaina doinuek lagunduko diete zarauztarrei nagiak kentzen eta parrandarako prestatzen. Lagun asko dotore-dotore jantzi eta San Pelaio ermitara joanen da Meza Nagusia aditzera. Beste asko maindire azpian geldituko da atseden hartzen. Musikak esnatuko ditu, baina ez erabat, eta burukiaren gainean jarraituko dute, errealitatearen eta ametsen tarte zoragarri horretan.

Jende ugari aterako da kalera buruhandi eta erraldoiekin dantza egitera, haurrak batez ere. Han ibiliko dira buruhandiak zirikatzen eta lasterka, eta beren burua kolpeetatik babesteko gordelekuak bilatuko dituzte.

Eguerdian, Iñurritzako gazteen aurreskuarekin eta Zarauzko Musika Bandaren kontzertuarekin gozatzeko aukera izango da. Eta arratsaldean ere doinu eta kantu alaiak izango dira protagonista.

Bostetan, koadrilak Musika plazan elkartuko dira brusak jantzita, eta handik Iñurritzara joanen dira kalejiran, trikitilariak, dultzaineroak eta Pasai txaranga lagun dituztela. Bertan, zelaian, erromeria egingo dute eta, ohi bezala, txahal haragiarekin egindako pintxoak dastatuko dituzte.

Toki berean izango da herri kirolen ikuskizuna ere, Gabisolak aurkeztuta. Aizkoran, Nazabal eta Ugaitz Mugerza Larretxearen eta Atutxaren aurka lehiatuko dira. Odei Izeta eta Iñaki eta Inazio Perurena harri-jasotzaileek ere erakustaldia egingo dute.

Erromesen itzulera bestelakoa izango da aurten. Izan ere, Zo-Zongò taldearen batukadak alaituko du Musika plazara egingo duten kalejira. Beraz, bestalariek gogotik mugituko dituzte gerriak erritmo brasildarrekin.

San Joanen ondotik egunak laburtzen hasten direla esaten dute, baina gezurra da. Zarautzen, behintzat, inoiz baino beranduago ilunduko du. Pentsa, hamaiketan oraindik argiak ikusten ahalko dira hondartzan.

Eguna bukatzeko, edo gauari hasiera emateko, hobeto esanda, erromeria izango da Maialen eta Ainitze Astiberrirekin, baita dantzaldia ere Gozategi taldearen eskutik.

Bigarrena, baina ez eskasagoa

Bihar San Pelaio Bigarrena ospatuko dute zarauztarrek, baina bigarrena izanagatik, ez da besta eskasagoa izango. Haurren Eguna izango da, eta hainbat ekitaldi egongo da beraientzat: esaterako, Gaur Jaia taldearen ber- bena eta Txano Gorritxu Rock ikuskizuna. Ikastolako kirol zelaia ez da ikastolako kirol zelaia izango, puzgarriz, motorren pistaz eta jolasez betetako parke dibertigarria baizik.

Umeentzako gozagarriez gain, beste makina bat ekitaldi bitxi eta jostagarri izango da. Goizeko bostetan, Mutil-Ardok baratxuri zopa eskainiko du, eta seietan Iñurritza auzoko lagunek oilasko biltzeari hasiera emango diote. Arratsaldean, kalejira egingo dute Musika plazatik Iñurritzara Oria txarangarekin eta Imuntzo trikitilari eskolako musikariekin. Buruhandiak eta erraldoiak ere bertan izango dira. Erromeria egin eta gero, abiapuntura itzuliko dira kalejiran.

Eta oraindik beste egun bat izango dute zarauztarrek gorriz margoturik.

GUREKIN JAI

Turismo Sailak jaiak antolatzeko oztopoak jarri dizkiola salatu du Gurekin Jai Batzordeak. «Honen aurrean egitarau zabala eta anitza antolatu dugu. Guztiei parte hartzeko deia egiten dizuegu», esan dute.

turismo bulegoa

Imanol Lasak, Turismo Bulegoko arduradunak, kritikei erantzun die. Bere ustez, ezinezkoa da Udalaren egitaraua eta txosnen gunea Munoan izatea uztartzea. Azpiegiturarako laguntza emango dietela esan du, baina ez kontzertuetarako.

Sebastian Aristiren ohorezko pilota jaialdia izango da berriz

Zarauzko Kirol Elkarteak eta Udalak Sebastian Aristi pilotariaren oroimenezko jaialdia berreskuratu dute. Bihar izango da, gaueko hamarretan Aritzbatalde pilotalekuan. Azken hiru urteetan ez dute antolatu, baina lehenago arrakasta handia zuen, jende ugari biltzen baitzen palaz jokatzen ziren partidak ikusteko. Aurten, pala motzeko partidaz gain, eskuzko beste bat izango da, jaialdia erakargarriago egite aldera. Ikuskizun bikoitza izango dute, beraz, Aritzbataldera joatera animatzen direnek. Alde batetik, Iban Jauregi zarauztarrak eta Arzelus amezketarrak jokatuko dute eskuz; bestetik, Etxarte-Aierbe herriko bikoteak eta Unanue-Navarro bikote donostiarrak neurtuko dituzte indarrak pala motzean. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo